Uxue Barkosek, urte berri oparoa opatzeaz gainera, aurten izandako argiez eta ilunez mintzatu da. Barkos Lehendakariaren ustez, “krisia hasi zenetik, garairik egonkorrena ari gara bizitzen Nafarroan, baina egonkortasun hori ez da ustekabekoa, ezta kasualitatea ere. Desberdinen arteko elkarrizketaren eta adostasunaren ondorio da.
Alderdi ekonomikoei helduz, nabarmendu du “egonkortasun ekonomikoa eta politikoa funtsezkoa ari dela izaten adierazle sozioekonomiko guztiak hobetzeko. Nafarroako ekonomia % 3 baino gehiago ari da hazten; krisia hasi aurretik geneukan enpresa-bolumena berreskuratzen lehenak izan gara, Madrilekin batera; errenta bermatua jasotzen zutelarik enplegu bat lortu dutenen kopurua bikoiztu egin da 2014tik; % 40,9 handitu da arreta eman diegun pertsonen kopurua; eta osasun-zerbitzu onenak dituen erkidegoa gara”.
Langabezia da krisiaren zauririk handiena, hori ere nabarmendu du Barkosek. Inkesta guztietan, langabezia da gizartearen kezkarik handiena, eta horrek izan behar du gure erronka. Lau alderdik osatzen duten aldaketaren gobernuari ere egin dio keinu Barkosek. Garrantzitsua da desberdintasunak aitortzea eta garrantzitsua da bat egiteko puntuak aurkitzea, hori baita, politikaren zeregin onenetakoa.
Talentua erakartzea lortu behar da, joandakoa itzuli dadila
Aipamen berezia egin die gazteei, eta gogorarazi du trebakuntza bikaina izanik, joan egin behar izan dutela etxetik kanpo aukera bat bilatzeko. Hori onartezina dela onartu eta aukerak ematea ere erronka izan dela esan du. Herenegun izandako hitzarmenaren akordioa eta Nafarroak hirugarren urtez jarraian izanen dituen aurrekontuak garrantzia handikoak izanen direla nabarmendu du. Akordioa, egonkortasuna, bizikidetza, kohesioa eta ilusioa. Horiek guztiak dira funtsezkoak gizarte gisa izango dugun etorkizuna eraikitzeko. Azkenik, Lehendakariak “onena opa die guztiei datorren urte berrirako”, bereziki “egun hauetan okerren pasatzen ari direnei.
Uxue Barkos Lehendakariak urte amaierako mezua helarazi du gaur. Gaztelaniaz eta euskaraz, desberdinen arteko gobernuaren indarraz, etorkizuneko erronkez; enplegua sortzeaz eta pobreziari aurre egitea, eta bizikidetzaz eta kohesioaz aritu da bereziki.