Irratsaioaren hasieran, Mendillorri auzora jo dugu. Bertan, Antzara izeneko gune komunitarioa, aisialdi topalekua ireki dute. Elkarte horretako bi kidek azalpenak eman dizkigute proiektu berri honen inguruan. Azken 40 urteotako Iruñeko historia eta gertakizun politiko eta sozialak biltzen ari da Ivan Gimenez. Kazetari iruindarraren eskutik kapitulu berri bat gozatu dugu, gaur. 1977. urtean egin ziren hauteskundeen emaitzei erreparatu diegu. PSOEko hautagai Julian Balduzek alkatetza lortu zuen Herri Batasuna eta EAJ alderdien babesa lortu zuelako. Aurrera jarraituz, gure mugetatik haratago ere jo dugu. Bingen Amadoz kazetariak Etiopian egin duen bidaiaren inguruko xehetasunak eman dizkigu. Horren ondoren, Berriozarko Natur Eskolako arduradun Elena Sauca elkarrizketatu dugu. Saioaren azken zatian, Burlatan izanen den Goazen ikuskizunera joateko sarrerak banatu ditugu.