Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea buru izan da 350 ikasleri harrera egiteko ekitaldian ostiral honetan, abenduak 22. Ikasle horiek 2017-2018 ikasturtean parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 36 herrialdetan. Ikasle gehienak (264) Erasmus programakoak dira; 54, Palafoxekoak; 16, Martín de Radakoak; 5, aldebiko hitzarmenetakoak; 8, ISEP USAkoak; eta 3, ISEP Nazioartekoa programakoak. Ekitaldian zehar, gazteek Rural Kutxak unibertsitateen arteko trukerako ematen dituen bekak jaso dituzte, eta gazteen senitarteko eta adiskideak ere bertan izan dira.
Ekitaldia Iruñeko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Hugo López López Nazioartekotze errektoreordearen hitz batzuek hasiera eman diote. Ondoren Nafarroako Rural Kutxako buru Ignacio Terés Los Arcosek hitz egin du, eta ikasleei bekak eman dizkie. Beken kopurua aldatu egiten da, ikasleek ikasturte osoa atzerrian egiten duten (osotara 63) edo seihileko bat egiten duten (192 udazkenekoan; eta 95 udaberrikoan), horren arabera. Ekitaldia bukatzeko, Alfonso Carlosena errektoreak agurra egin du, eta ondoren talde osoaren argazkia egin da.
Ezkerretik eskuinera, Ignacio Terés, Alfonso Carlosena eta Hugo López, ekitaldian.
Ikasleak (208 emakume eta 142 gizon) 31 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira, gehienak Europan. Ikasle gehien hartzen dituzten herrialdeak, hurrenkera honetan, honako hauek dira: Italia, Polonia, Portugal, Frantzia, Alemania, Mexiko, Belgika, Txile, Herbehereak, Estatu Batuak, Austria eta Txina.
NUPeko ikasleak hartzen dituzten gainerako herrialdeak hauek dira: Argentina, Australia, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txina, Hego Korea, Costa Rica, Danimarka, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Letonia, Lituania, Norvegia, Peru, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suedia, Taiwan eta Turkia.
Hainbat mugikortasun programa
Ekitaldian parte hartu duten NUPeko ikasleei lagundu dieten senitartekoak eta adiskideak.
Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, aipatu den bezala, Erasmus programan parte hartzen dute. Programa hori Europar Batasunaren prestakuntza programa bat da, Goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetzan jarduteko.
Bigarren programa garrantzitsuena Palafox da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko daukan ekimen bereki bat. Programa horren bitartez, ikasketen zati bat Iberoamerikako unibertsitate batean egin daiteke, bermea izanik aldi horretan erdietsitako kredituak onartuko dituztela itzulitakoan.
NUPeko nazioarteko beste programa bat Martín de Rada programa da, zeinean sartzen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako hainbat unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak. Programa hauei gehitzen zaizkie Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako unibertsitateekin izenpetutako aldebiko hitzarmenak. Azkenik, programa horiei gehitzen zaizkie ISEP USA, herrialde hartako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen duena, eta ISEP Nazioartekoa.