Hirigune atseginagoa egiteko plana indarrean sartu zenez geroztik, 117 lanpostu suntsitu direla eta "10 milioi euro" galdu dituztela salatu dute Alde Zaharreko eta Zabalguneko dendarien elkarteek; datu horiek eskuratzeko 400 inkesta gauzatu dituzte, baina udalak ez die baliozkotasunik eman, "zorrotzak" ez direlakoan. Izan ere, anonimoak dira eta, beraz, ezinezkoa da jakitea nork, noiz eta nola bete dituen, baita ea behin edo gehiagotan egindakoak diren ere, eta, gainera, "soziologoek inkestak egiterakoan ezinbestekotzat jotzen dituzten fitxa teknikorik gabeak", Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziak azaldu duenez.
Udalak denda txikien eta handien datuak nahastea egotzi die dendariei. Izan ere, alarma pizteko moduko zenbaki horren atzean, Corte Inglesen eta denda txikien datuak nahastuta daude.
Plana, lehen fasean
Udaleko ordezkariek gogorarazi dute hirigunea atsegin egiteko plana lehen fasean dagoela, eta "ohikoa" dela oinezkoa lehenesteko egitasmoetan "zeresana piztea" hirietan, hala gertuta baita Europako beste zenbait tokitan ere; dena dela, hamaika ikerketek adierazten dute gainontzeko leku guztietan autoak hirigunetik ateratzeak mesede egiten diela dendei, eta Iruñean ere hala izanen delakoan daude.
Oroitarazi dute, halaber, dendariek egindako zenbait ekarpen gaineratu dituztela mugikortasun planean: hala nola, Labrit ingurura igo eta buelta eman ahal izatea eta Sandoval kalean zenbait aparkaleku gaitzea. Gauzak horrela, bestelako zenbakiak aurkeztu ditu udalak eta jakinarazi "are gehiago" ikertzen ari dela gaia, eta ez bakarrik dendariekin, baizik eta txirrindulariekin, bizilagunekin, mugikortasun urritasuna dutenekin eta garriolariekin, besteak beste.
Zenbaki argiak
Argiak dira zenbakiak: oinezkoek %4 egin dute gora; eta garraio publikoaren erabilpena ere handitu da: iralean, %7'55; urrian, %3'34; eta azaroan, %5'52. Autoen kopurua izan da beherakada izan duena, 6.169 auto ibiltzen baitira batez beste Alde Zaharrean -lhene, 11.400 ziren-.
"Hiri biziza nahi dugu eta jendeak erdigunez goza dezan, hiri atsegina eta, lortze aldera, norabide onean goaz" ,ziurtatu du Peralesek.