Hezkuntza Departamentuko lan deialdietan, kontratazio zerrendak hizkuntzen arabera bereizi nahi izatea eta azken urteetako segregazioa legez blindatu nahi izatea arauaren araberakoa da. Hori ondorioztatu dute Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek, Geroa Bai eta EH Bildu taldeek eskatutako txostenean.
Ebazpen horren arabera, PSNren proposamenak ez du Espainiako estatuaren eskuduntzarik bere gain hartzen, eta oposizioetako hautagaiei kalterik eraginen liekeen atzerako eraginkortasunik ere ez du. Horren aurrean, osoko zuzenketa aurkeztuko dio Geroa Baik PSNren lege proposamenari, ostiraleko eztabaidan, "zerrenda bakarra baita irakasleen eskubideak ziurtatuko dituen tresna bakarra".
Ikusteke dago orain Ezkerrak zer eginen duen, Geroa Baik osoko zuzenketa mahai gainean jarri eta gero. Gainontzeko alderdiei dagokienez, EH Bilduk ere ez du begi onez ikusi txosten juridikoaren emaitza, izan ere, “euskaldunak zokoratzen" ari direlakoan dago: "Oztopo juridikorik ez dago, bi aukera politiko baizik. Gure ustez, aukera batek eskubideak murrizten ditu; besteak, ez", adierazi du Adolfo Araiz bozeramaileak.
Eta Ahal Duguk ere zerrenda bakarra defendatu du, euskararekiko jarrera "gaur egunera" egokitu behar delako, egoerak "dinamikoa" izan behar duelako.
"Inposizioaren" mamua
Bestaldean, opozioko alderdiak: UPNk, PPk eta PSNk zerrenda bakarraren kontra batuta segitzen dute -Gobernua sostengatzen duen Ezkerrarekin batera-. Harago joan dira erregionalistak, Esparzaren irudiko, euskara "inposizioa" da eta lauko gobernua "inponitzen" saiatuz gero, "aurrean" izanen du UPN. "Aurrean izanen gaituzte sen ona, proportzionaltasuna eta aukera berdintasuna bilatzen", ziurtatu du erregionalisten buruak.