Akusatuek ukatu egin dute bortxaketa izan zela, eta argudiatu dute neskak "onartutakoak" izan zirela harremanak. Ordea, auzi medikuek argi esan dute emakumeak "trauma osteko estresa" zuela eta baita "erruduntasun sentimendua eta depresioa" ere, eta tratamentua jarri behar izan ziotela horiek kroniko bilaka ez zitezen. Bortxaketaren unean akusatuek eurek grabatutako bideoei eta poliziek irudi horien eta audioen azterketa egin ondoren esandakoek ere, argi uzten dute emakumea behartu egin zutela.
Akusatuetako batek onartu egin du emakume salatzaileak ez ziela sexu harremanetarako hitzezko adostasunik agertu, baina, hitzez onartu ez arren baietza bazutela esan zuten. Ez zutena argitu da, nola jaso zuten baiezko hori. Denfentsa abokatuak ukatu egin du onespenik bazela. "Ez dakit nondik irten den hori; ez dator bat errealitatearekin", adierazi du. Akusatu guztiek defendatu dute sexu harremanak adostuak izan zirela, baina ez dute zehaztu nola jakin zuten emakumezkoak harremanekin ados zela.
Frogak badaude bortxatu egin zutela esateko
Emakumeak berak salatu du bortxatu egin zutela. Horrekin nahikoa beharko luke. Baina, hori defendatzeko probak ere badaude. Bideoak, tartean. Eta hain zuzen ere, bat datoz bideoak aztertu dituzten foruzainak, baita emakumea artatu zuten gizarte zerbitzuetako langileak ere. Bai emakumea artatu zuten psikologoek ere. Bai batzuen eta bai besteen arabera, neska bortxatua izan zen.
Nik sinesten dizut oihuak, auzi salaraino
Astelehen Lilak plataformak deituta eta Nik sinesten zaitut lelopean, indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratzea egin dute eguerdian Justizia Jauregiaren atarian. Pankartaren leloa oihu ere bilakatu zuten eta epaiketa etetea ere lortu: deklarazioa hartzen ari ziren une batean, kanpoko hotsekin ez zuten elkar ongi entzuten eta zenbait minutuz eten egin zuten epaiketa.