'Zure egia gurea eginez' lelopean kaleak hartuko ditu Iruñerriko mugimendu feministak azaroaren 25ean

Euskalerria Irratia 2017ko aza. 21a, 13:29

Argazkia: Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak gaur goizena egindako agerraldia. / @SaioaAlkaiza

Indarkeria sexistak "milaka aurpegi" dauzkala salatu dute, bai eta salatzerakoan emakumearen hitza "zalantzan" jartzen dela. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean mobilizazioa antolatu dute.

"Emakumeon hitza beti zalantzan jartzen da". Hori da Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak salatu duena: emakumeek indarkeria sexista egunero pairatzen dutela, eta zalantzan jartzen dituztela: "kalean, etxean, lanean, jai esparruetan…".

Indarkeriak, gainera, aurpegi mordoa dauzka: "sexu erasoak, erailketak, irainak eta mehatxuak, besteak beste". Izan ere, heteropatriarkatuak ez du etenik. “Hau ez da gure bakea” adierazi du Ana Carmonak plataformaren izenean. Aldarria egin dute: “Emakumeok kontrako indarkeriak ezinbesteko gai politikoa izan behar du”.

"Egoera hau izanda ere, gero eta emakume gehiagok aurrea hartzea erabaki dugu, antolatu eta gure artean babesa eman, indarkeria egoera hauekin apurtzeko, salatzeko eta, batez ere, berriz errepika ez daitezen lan egiteko, eraso egiten digun ororen aurrean, defendatzeko eskubidea baitugu", adierazi du Carmonak. 

Emakumearen hitza zalantzan

Emakumearen “egia, hitza, kontaketa eta bizipenak zalantzan" jartzen direla salatu dute, eta indarkeria sexista salatzen dutenak ez direla aintzat hartuak. 

Eta hor komunikabideak jarri dituzte erdigunean, izan ere, plataformako kideek aburuz, hedabide handiak "heteropatriarkatuaren aliatuak" dira, askok "emakumearen intimitateari eraso eginez eta arreta indarkeria matxista gutxiesten duten elementuetan jartzen baitute".

Justizia sistema iraultzeko beharraz

Justizia sistema ere kritikatu dute, emakumeen “babesa eta intimitatea ziurtatzen" ez dituelako, eta erasoa jasan duen horren "berreskuratze prozesua modu larrian oztopatzen" duelako. Emakumeen kontrako indarkeria kasuetan, "emakumeen hitza erasotzailea zigortzeko nahikoa" ez dela salatu dute. 

"Sistema judizialaren funtzionamenduan erabateko aldaketa behar dugu eta indarkeria pairaten duten emakumeekin lan egiten duen sare instituzionala behar beharrezkoa da. Beharrezkoa da justizia sistema, gizarte zerbitzuak, hezkuntza... genero eta genero indarkerian formazio ona izatea", azpimarratu du Carmonak, Plataformaren prentsa oharra irakurriz.

Aitortza: lehen pausoa

Indarkeria sexista eta emakumeek jasandakoa "aitortzea" "lehenengo pausoa" dela esan du plataformak, "justizia soziala eta berdintasuna" lortzeko bidean.

Azaroaren 25ean aterako da Iruñerriko Mugimendu Feminista kalera, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak deituta, larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, Gazteluko plazatik, Zure egia gurea eginez lelopean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!