“Arraroa” aurtengo Etxepare saria lortu duen albuma, kalean

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 30a, 20:13

Ainara Azpiazu, Axpi testuen egilea da eta Paula Estévez ilustrazioena. Aurten 26 lan aurkeztu dira Nafarroako 20 toki entitatek antolatutako lehiaketara.

Pamiela argitaletxeak plazaratu du aurtengo Etxepare lehaiketako lan saritua. Gaur Atarrabiako Udaletxean egin dute lan berriaren aurkezpena.

 

“Arraroa” lana, etxebizitza bakar baten baitan ematen den istorioa da. Marrazkiek, etxebizitza honetako bizilagunak azaltzen dizkigute, leihoak
abiapuntutzat hartuz eta hauen kanpoaldean eta barnealdean
gertatzen direnak azalduz.

 

Aurtengo edizioan, epaimahaikide aritu dira Etxepare sarian Yolanda Arrieta, Maite Gurrutxaga eta Asun Agiriano. Besteak beste, honakoak azpimarratu zituzten obra honi buruz:

 

Haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, bineta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz.

 

Egileek modu bikainean elkartu dituzte hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna indarra eta askatasuna erakusten dute. Kolore biziek, berriz, areagotu baino ez dute egiten lanari darion bizipoza.

 

Arraroa lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio: testua irudiaren bidez osatzen da, eta baita alderantziz ere. Tonua album guztian mantentzea lortzen du, liburu orekatua lortuz.

 

Album ilustratu honek estereotipoak alboratzeko proposamen umoretsua eskaintzen digu eta, aldi berean, irakurleoi gogoeta egiteko aukera helarazten.

 

Paula Estévez Del Diego

Donostian jaioa, komiki marrazkilari eta ilustratzailea da. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako Arte Eder ikasketak amaitu ondoren, Berlinera joan zen bizitzera, non marrazketa berreskuratu zuen, txikitako grina.

 

Ordutik bere lana komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du, autoedizioan indar berezia ipiniz. Donostiara itzultzean, Mikel Larraioz eta Maite Caballero marrazkilariekin batera, Guillotina sortu zuen, Donostiako lehen autoedizio topaketa. Lau edizio egin dira jada.

 

2011tik hona autoeditatutako sei argitalpen egin ditu eta hainbat aldizkari eta fanzinetan ikus daiteke bere lana: Gaztezulo, Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine, besteak beste.

 

 

Ainara Azpiazu, Axpi

Hernanin jaioa, 1980ean, marrazkilaria da. Soziologia lehenengo eta gero Arte Ederrak ikasi zituen EHUn. Ondoren, Italian Ars In Fabula, Master in illustrazione per l’Editoria ilustrazio Masterra burutu zuen.

 

2007tik aurrera ilustraziogintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Ilustratzaile gisa hainbat liburu eta argitalpen plazaratu ditu dagoeneko. Azkenen artean daude Nahla (Ibaizabal), Printzesa Pixontzia (Elkar), Hartz izozkijalea (Minis) edo Mozoloaren bidea (Dobera).

 

Komikigintzan berriz, besteak beste, Hernaniko Kronika, Irrien lagunak eta Gararen Zazpika gehigarrian kaleratzen ditu binetak gaur egun, beti berak egindako gidoiekin.

 

Horma-irudi ugari egin ditu, Donostialdean bereziki.

 

Umore grafikoa eta komikigintza gai modura hartuta tailerrak burutzen ditu ume eta gazteekin, Hernaniko Andre Kalean duen tailerrean.

Arraroa da idazle gisara argitaratzen duen lehen liburua.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!