"Gehien dutenek gero eta gutxiago" ordaintzen dute eta, beraz, "modu bidegabean" egiten ari da diru bilketa. Hori da ELA sindikatuak salatu duena. 2007tik lan errentek Ogasunari %18 gehiago ordaintzen dioten bitartean, enpresek %63 gutxiago ordaintzen dute.
Nafarroako politika fiskala "enpresen eta kapitalaren interesen alde" egiten duela eta Nafarroa, presio fiskalari dagokionez, Europar Batasuneko “azken postuetan” dagoela esan dute. Europako neurrietara egokituz presio fiskala handituko balu, "Nafarroak 1.675 milioi gehiago izanen lituzke" aurrekontua egiteko –aintzat hartzekoa da, egun 4.000 milioi ingurukoa dela aurrekontua-. Argiak dira datuak: presio fiskala %38,7koa da Europar Batasunean eta Nafarroan, aldiz, 29,8koa, Iñaki Zabaleta ELAko ikerketa bulegoko kideak gaur goizeko agerraldian azaldutakoaren arabera.
Sozietateen gaineko zerga erdigunean
ELA sindikatuak salatu duenez, diru bilketaren “erdia baino gehiago” zeharkako zergen bidez egiten da, denok berdin ordaindutako zergen bitartez, alegia, norbanakoen ahalmen ekonomikoa kontuan hartu gabe. Errentaren arabera ordaindutako zergen azterketa ez da askoz baikorragoa, lautik hiru lan errentatik jasotzen dira eta.
Beste gakoetako bat, Sozietateen gaineko zerga. 2007an, 593 milioi euro biltzen zituzten horri esker; 2016an, 216 milioi baino ez dira bildu, izan ere, irabaziak baino ez dauzkaten horiek baino ez dute ordaindu behar, baina neurri hori ez da ezartzen azken 15 urteetan galerarik izan badute.
Aldaketarik ez, fiskaltasuna aldatu gabe
Iruzur fiskalaren jazarpena eta azken urteotan errenta altuenei zein kapitalei egin zaizkien jaitsierak bertan behera uzteko proposatu du ELAk. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, "ez dago aldaketa sozialaik fiskalitatea aldatu gabe".