Arrosadiko zentro komunitarioa erabiliko duten kolektiboekin hitzarmena sinatu du udalak

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 20a, 08:11

Erabilera eta funtzionamendua arautzeko egin du ituna. Ilargienea Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioa Blas de Laserna kalean irekiko da auzoa garatzeko gizarte eta auzo mailan.

Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du gaur goizean Milagrosako Ilargienea Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioko (GEZK) erabiltzaile diren entitate eta kolektiboekin, zentroaren erabilera eta funtzionamendua arautzeko. Blas de Laserna kaleko 61.ean kokaturiko lokal bat da, auzoko haur eskola ohia, eta duela gutxi gorabehera urte batetik hona Milagrosako kolektiboentzat zabaldu da, bertan auzolanean jardun dezaten, auzoaren eta gizartearen alde lan egiteko. Yoar Elkartea, Gure Sakaldi, Arrosadia Bizirik, Arrosadiko Kultur Koordinakunde-Federazioa, Munduko Medikuak eta Ilargienea konpartsa dira kolektiboak, eta horien guztien ordezkariekin sinatu du Udalak hitzarmena, nahiz eta testuan jasotakoarekin bat, beste entitate batzuk ere sartzen ahalko dira aurrerantzean.

Udalaren izenean, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari eta Arrosadia - Milagrosa - Azpilagaña auzoetako zinegotzi Edurne Eguino egon da sinadura-ekitaldian, eta beste aldearen izenean, Ilargienea GEZKeko kolektibo erabiltzaileen ordezkari hauek: Itsaso Aranguren Santiago (YOAR Prebentzio Ekintza Komunitarioko Lantaldea), Pilar Azcona Goñi (Gure Sakaldi), Raquel Azcona Vidaurre (Arrosadia Bizirik), Ion Txomin Mundiñano Garciandia (Arrosadiko Kultur Koordinakunde-Federazioa), Teresa Fernández Salinas (Munduko Medikuak) eta Manuel Antonio Pejenaute Pérez (Ilargienea Taldea).

Hitzarmen honen bidez Udalak Milagrosako biztanle-sektore desberdinen elkarte-mugimendua babestu eta bultzatu nahi du, eta, halaber, talde, belaunaldi eta kulturen arteko elkarbizitza eta elkartasuna sustatu, eremu horretako kolektibo zaurgarrienen bazterketari aurrea hartzeko neurri gisa. Orobat, udal zerbitzu publikoen presentzia areagotu nahi du, herritarren interesekin bat datorren jarduera-eskaintza baten bidez, zeina gertutik eta elkarren arteko kudeaketaren bidez antolatuko baita. Helburuen artean dago, baita ere, auzoko entitateen erantzunkidetasuna eta inplikazioa suspertzea.

Ilargienea GEZKeko ordutegia 08:00etatik 22:00etara izango da, astelehenetik larunbatera. Zentroan egiten ahalko diren jarduerek hezkuntza-, prestakuntza-, kultura-, gizarte- edota aisialdi-arloak ukituko dituzte eta pertsonen arteko harreman sozialak eta elkartegintza sustatzearekin lotuta egongo dira, izan proiektu finko batekoak edo aldian aldiko jarduerak. Espresuki bazterturik daude eduki politikoa edo erlijiosoa eta izaera partidista zein sektarioa duten jarduerak oro.

Kudeaketa-batzordea

Sinatutako hitzarmenean jasotakoarekin bat, kudeaketa-batzorde batek egingo du Ilargienea GEZKaren kudeaketa, zeina Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorreko eta kolektibo erabiltzaileen batzarreko bina kidek osatuko baitute. Auzo horretan Arreta Komunitarioko Prebentzio zerbitzua dago, eta hori horrela, zerbitzuko kide bat ere izango da kudeaketa-batzordean, hitza duelarik baina botorik ez.

Batzorde horrek ezarriko ditu funtzionamendurako barneko arauak, jarduera iraunkorren proiektuak baloratuko ditu, bai eta kanpotik egiten diren erabilera-eskaerak ere.

Hitzarmenean beste alderdi batzuk ere jasotzen dira, besteak beste, zentroa erabiltzen duten pertsonek eta elkarteek instalazioak eta bitarteko materialak zaindu behar dituztela, eta horiek egoki eta erantzukizunez erabili. Udala arduratuko da mantentze-lanez eta garbiketaz. Erabiltzaile diren elkarteek sartzeko giltza bana izango dute, eta agiri bat sinatu beharko dute, zeinaren bitartez erabilera onaren erantzukizuna hartuko baitute. Zentroa itxi eta irekitzearen arduradun izango dira zentroa erabiltzen lehenengoa eta azkena.

Zentroaren jarduna hedatzeko taula bat paratuko da, non jakinaraziko baitira bertan egiten diren jarduerekin loturiko oharrak, edo hezkuntza, gizarte, aisialdi eta kultura alorreko beste jarduerekin loturikoak. Halaber, zentroko jarduerak era bateratuan hedatzeko sistemak sortuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!