AHT: 2013tik geldituak dauden lanak ez dira 2019ra arte hasiko

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 16a, 09:29

>Aste honetan aurkeztuko dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari "eraikitzeko lanen proiektua". 
>Azkoien eta Erriberri arteko azpiegiturari dagokion proiektu proposamena da. Adif-ek onartu beharko luke hilabete bateko epean eta gero urte amaieran lizitazioa aterako litzateke. 
>2013tik geldirik dauden lanak ez dira 2019raino hasiko. 

2010eko hitzarmenak oraindik ere abian segitzen du. UPNk garai batean Espainiako Gobernuarekin sinatutakoa da hori. Nahiz eta Sustapen Ministroak behin baino gehiagotan aldebakartasunez bertan behera utzi nahi izan duen, oraindik ere hori da abian den bakarra. Abiadura Handiko Trenaren lanak geldirik dira aspalditik eta azken 25 urtean 14 kilometro baino ez dira egin. 

2013an geldirik gelditu ziren lanak. Eta ematen du gutxienez 2019ra arte ezin izanen direla berregiten hasi. Orain, aste honetan Nafarroako Gobernuak txostena bidaliko dio Espainiakoari. Zehazki Azkoien eta Erriberri artean eginen den azpiegitura lanari eraginen dion ikerketa lanen emaitzak izanen dira aukertuko dituztenak Madrilen. Behin aurkeztuta, Adif-ek hilabeteko epea izanen du onartzeko eta gero, urte honen amaieran edo heldu den urtearen hasieran lizitazioa aterako litzateke. Hori guztia gertatzen denean tramite administratiboak iritsiko dira  eta urtebete gehiago luza litezke. Hortaz, aurreikuspenek diote 2013an geldirik utzi zituzten lanak 2019ra arte ez direla berrekingo. 

Proiektua aurkeztuko dute egunotan

Nafarroako Gobernuak ingeniaria ikerketa bat egiteko eskaera egin dio enpresa bati. Hark, konpromisoa hartu zuen hilabete honetako 15erako egina izateko baina atzeratzen ari da hori ere. Manu Aierdiren Departamentuak espero du egunotan jasotzeko ikerketa lan hori eta hala, Espainiako Sustapen Ministeriora igortzea. Trenbidearen egitasmoan alderdi teknikoak aztertuko dituzte ikerketa lan horren bitartez. 

Abiadura Handiko Trena Nafarroan

>Zaragoza eta Castejon artean 87 kilometro. Infromaziorako txostena egiten ari dira eta aurreikuspena da jendaurrean jartzea 2019. urtean. Goiztiar jarrita, lanak 2020. urtean hasi daitezke. 

>Castejon eta Villafranca arteko lanak dira amaituak dauden bakarrak. Guztira 14,77 kilometro. 

>Villafranca eta Erriberri artean 14.67 kilometro daude. Oinarrizko proiektua idatzita dago eta behin betiko onartzea da falta dena. 

>Erriberri eta Tafalla artean 14,67 kilometro daude eta proiektua egina dago baina behin betiko onarpena da falta dena. 

>Tafalla eta Campanas artean berriz 15,10 kilometro daude eta oinarrizko proiektua egiten ari dira. 

>Campanas eta Ezkirotz artean 10.20 kilometro daude eta oinarrizko proiektua prestatzen ari dira. 

>Eskirotz eta Zuasti artean 15 kilometro daude. Orain arte aurreikusia zegoen trenbide buklea bertan behera uzteko beharra dago eta geltoki berri baten eraikuntza egitea. 2004an egindako proiektua dagoeneko ez da bideragarria eta alternatibak aztertzeko eta proiektu berri bat mahai gainean jartzeko beharra dago. Ez dago aurreikusita inongo datarik hori guztia egiteko. 

>Zuasti eta Euskal Autonomia Erkidegoko Y-arekin lotura nola egitea dago aurreikusia? Sustapen Ministerioaren konpromisoa urte amaierarako txosten informatibo bat helaraztea da. Txosten horretan agertu beharko litzateke lotura Gasteiztik egiten den edo Ezkio-Itsasotik. Horren ondotik hasiko litzateke proiektuen proposamena egiten hastea. Lanak, 2021 urtetik aurrera hasiko lirateke. 

 

Iturria: Diario de Noticias egunkarian Ibai Fernandez kazetariak egindako kronikatik hartua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!