Zifrak dantzan dabiltza azpiegitura honetaz hitz egiten denean. 3.000 milioi euro gutxienez kostako da Nafarroako tren lasterraren lanak egitea.
2023an amaitua nahi du Espainiako Gobernuak Nafarroako zatia, eta horrek esan nahi du hiru urtean 200 kilometro egin beharko liratekeela. Urriaren 5ean baieztatu zituen datu horiek Iñigo de la Serna Sustapen Ministroak Zaragozan hainbat enpresarirekin egindako agerraldian.
Azpiegitura horrek izanen duen kostuaz eta datez mintzatu zen De la Serna. 2.434 eta 3.386 milioi euro arteko kostua izanen luke Nafarroako zatiak. Baina zifra batetik bestera, mila milioi euroko aldea dago. Zertan dago aldea? Euskal Autonomia Erkidegoko Y-arekin eginen den loturan. Izan ere, ez du aurreikusten Iruñean egin beharko liratekeen lanak ez eta Tuteran eraiki beharko litzatekeen geltokia ere. Horrez gain, 2010ean aurreikustako lanen kostuak ez ditu egunerako Sustapen Ministroak.
Bi dira UPNrekin adostu eta beteko dituela ziurtatu dituen zatiak. Villafranka eta Azkoien zein Azkoien-Erriberri lotuko lituzkeen zatirako 15,9 milioi euro. Hortik aurrera, berritu eta gaurkotu gabeko zifrez hitz egiten du De la Sernak. Eta gogoratuko dugu, azken 25 urteotan 14 kilometro baino ez dituela ahalbidetu Espainiako Gobernuak, eta gainera, duela hilabete batzuk arte, ez zikiola itzuli Nafarroari lan horiek egiteagatik aurreratuak zituen milioiak.
Bi aukera Y-arekin lotura egiteko
Nafarroako korridoreak lau zati handi izanen dituela iragarri zuen Sustapen Ministroak; Zaragoza eta Castejon lotuko duen zatia, batetik. 87 kilometro lirateke eta 825 milioi euro balioko luke. Beste zatia, Castejon eta Iruñea lotuko dituena. 890 milioi euroko inbertsioa beharko lukeena 75 kilometro egiteko.
Eta nola egin Iruñea eta Y-arekin lotura? Bada bi aukerez hitz egin zuen De la Sernak: Gasteiztik egitea lotura edo Ezkio-Itsaso herrietatik. Eta bi aukeren arteko aldea oso handia da. Gasteiztik eginen balitz, kostua 719 milioi eurokoa izanen litzateke eta Ezkiotik eramatea azpiegitura 1.671 milioi euro.
Ikerketa informatiboa abian da erabaki aurretik, eta Sustapen Ministroak esan zuen urte amaitu aurretik hartuko dela erabakia.