Gurseko kontzentrazio-esparruan egon zirenei, omenaldia

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 2a, 08:21

Esparrutik igaro ziren 500 nafarren omenez egindako monumentu bat inauguratu dute.

Uxue Barkos, Nafarroako Lehendakaria, 1939. eta 1945. urteen artean Oloroeko Andre Mariako akitaniar herritik hurbil Gurseko kontzentrazio-esparruaren barruan egon ziren bostehun nafar ingururi omenaldia egiteko ekitaldiko burua izan da. Xede horretarako, historiako pasarte ilun horretan nafarrak egon zirela egiaztatzen duen monolito bat inauguratu du. Ekitaldian Isabel Elizalde, Ana Herrera, Fernando Domínguez, María Solana eta Ana Ollo kontseilariak ere izan dira, eta 400 senide inguruk parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Lehendakariarekin, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezekin eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuetako Federazioko lehendakari Pablo Azconarekin batera. Horiez gain, zenbait agintari eta Gobernuaren eta memorialisten elkarteen deialdiari erantzuteko Frantziako herrira joan diren hainbat pertsona ere bertaratu dira.

"Gaur inauguratzen dugun monumentuaren helburua Gurseko esparru horretatik igaro ziren 500 nafarren oroitzapen iraunkorra finkatzea da", nabarmendu du Barkos Lehendakariak. "500 pertsona 1936ko uztailean zuzenean jasan zituztenak Nafarroan egon ziren jazarpena eta errepresioa. Denek ez zuten lortu salbatzea. 3.000 baino gehiago hil zituzten gure lurraldeetan. Beste asko kartzelatu, baztertu eta umildu zituzten, gure gizartean ondorio latzak izan eragin zituen errepresio ikaragarri batean. Min hori urte askotan, gehiegitan, isildu zuten, ahazteko eta oroimena ezabatzeko aldi batean, baina horrek, senideek eta adiskideek zenbait hamarkadatan bizi izan duzuen babesgabetasuna areagotu baino ez zuen egin".

Barkosek bertaratutakoen aurrean berretsi du bere Gobernuak bakea, bizikidetza eta giza eskubideak defendatzeko duen konpromisoa, aniztasuna errespetatuz eta bake-kultura bat sustatuz: "Gaur inauguratuko dugun monolitoa sinbolizatzen duen konpromisoa ere da hori: denok etxean sentitzen garen Nafarroa bat, baita orain, gertakari horren ondorioz, urrun bizi zaretenok ere. Eta amaitzen dut: aitortzeko eta konpontzeko memoria; elkarrekin bizitzeko memoria; errespetatzeko memoria; ez ahazteko memoria; gertakari tragiko horiek berriro ez errepikatzeko memoria".

Omenaldia Gursen egon ziren nafarrei

Frankismoaren indarkeriatik eta bidegabekeriatik ihes eginez, Gurseko esparruan sartu zituzten 500 nafar ingururi omenaldia egiteko ekitaldia publikoa izan da, beraz, gertaera horien memoria senideekin eta Nafarroako erakundeekin partekatu nahi zutenak etor zitezkeen.

Bertaratutakoak 11:00etan bildu dira kontzentrazio-esparruko zelaian, eta han beran inauguratu dute Gurseko esparruan nafarrak egon ziren gogoratu duen monolitoa. Inaugurazio horretan, zenbait erakundetako ordezkariek eta senideek hitzaldiak eman dituzte, gertaera horien memoriaren garrantzia eta askatasunarekin eta bizikidetzarekin duten konpromiso irmoa nabarmentzeko.

Azkenik, Barkos Lehendakariak hitzaldiei amaiera eman die, eta Gursen egon ziren nafar errepublikanoen memoria gordeko duen monumentua desestali eta inauguratu du, Joseba Lorenzo dantzariak Nafarroako bandera eragiten zuen bitartean. Horrez gain, erakundeetako ordezkariek eta bertaratutakoek krabelin gorrien lore-eskaintza egin dute monumentuaren aurrean.

Ekitaldia Joseba Olagarai kazetariak zuzendu du eta zenbait musika-emanaldi egon dira, Haizaldi dultzainero-taldearen eta Jon Galdos eta Patxi Quelen eskutik, azken horiek txalaparta eta adarra joz.

Gurseko esparrua

Gurseko esparrua 1939. urtean sortu zen errefuxiatuen esparru gisa, frankismoaren errepresiotik ihes egiten zuten lau pertsona-talde hartzeko. Talde horietatik jende gehien zuenetako bat euskaldunena eta nafarrena zen, Argelesetik Gursera eraman zituztenak. Bigarrena, zenbait herrialdetatik etorritako Nazioarteko Brigadetako kideez osatuta zegoen, egoera politikoa eta ekonomikoa zela-eta beraien jatorrizko tokietara ezin zirenak itzuli. Hirugarrena, hegazkinlariena gisa ezaguna zena, egia esan, armada errepublikanoko teknikariz osatuta zegoen. Eta laugarren bat ere bazegoen, Estatuko zenbait tokitatik etorritako pertsonez osatuta zegoena. Guztira, 18.000 pertsona baino gehiago zeuden Gursen barruan 1939. urteko udaberrian.

Alemaniak Frantzia okupatu ondoren, 1940. urtean, Vichyren erregimenaren agindupean, esparrua kontzentrazio-esparrua izatera pasa zen, batez ere Europako zenbait lekutako juduak sartzeko, baina baita disidente politikoak eta beste gutxiengo batzuk ere, hala nola ijitoak, homosexualak eta abar. Bigarren aro horretan Espainiako errepublikanoak ere egon ziren Gursen.

Zenbait ikerketa lanek berretsi dute jatorri nafarreko 435 pertsona gutxienez igaro zirela Gursen esparrutik. Gobernuak senideekin izandako harreman zuzena lan horretan lagungarria ere izan da. Horien artean zeuden UGTko kideak (jende gehien zuen taldea), CNTko afiliatuak, komunistak, sozialistak, EAJko kideak, Ezker Errepublikanokoak, Eusko Abertzale Ekintzakoak edo afiliazio politiko ezaguna ez zuten pertsonak. Horiek guztiek Pirinioetatik ihes egin zuten errepresio frankistatik. Asko ez ziren berriro itzuli eta erbestean bizi behar izan zuten, Frantzian, edo baita lur amerikarretan ere

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!