Atzo iluntzean iritsi zen erabakia. Sustapen Ministerioak oharra bidali zuen esanez, Abiadura Handiko Trenaren kudeaketa bere gain hartuko zuela eta hortaz, orain arteko negoziazioak bertan behera uzten zituela.
Nafarroatik berehala erantzun diote. Hasteko eta behin, Lehendakariak berak hitz egin du. Uxue Barkosek argi utzi du Espainiak berak hartu duen "erabaki aldebakarrekoa" izan dela, "interes alderdikoiak lehenetsi" dituztela eta herritarren interes orokorren gainetik erakutsitako jarrera dela Espainiarena. UPNren presioei men egitea leporatu dio Sustapen Ministerioari Barkosek. UPNk jostailu bat nahi zuen, jostailu bat badu inondik inora doana eta horrek lortu du hitzarmenean haustura.
"Sustapen Ministerioak UPNrekin duen akordioa lehenetsi du orain arte Nafarroako Gobernuarekin egindako lanaren gainetik, negoziazioen gainetik", nabarmendu du Barkosek. Iñigo de la Sernak hartutako erabakiak ez du oinarririk. Horixe uste du garapen ekonomikorako presidenteorde Manu Aierdik.
Egun abian dagoen akordioak, 2010ekoak, argi uzten du lanak lizitatzeko ardura Nafarroarena dela. Eta teknikoki hori, aurten egitea oso zaila dela dio, izan ere, aditu teknikoek diote oinarrizko proiektua Espainiak ez duela onartua oraindik, eta pausorik aurrera ezin dela eman hori onartu aurretik.
"Ulertezina da Espainiaren erabakia", nabarmendu du. Bi Gobernuen arteko adituak lanean aritu dira hilabeteotan eta proposamen bat amaitzear zuen Nafarroak, negoziatzeko asmoa zuena Madrilekin. Gaur, jarraimendu batzordea biltzeko eskatuko du Aierdik. Ministroak orain arte agertu dion jarrera, hitz egiten segitzekoa izan baita. Aipatu duen bestea Aierdik da, aste honetan Ministroarekin hitz egin duela eta argi utzia ziola, bidaltzekotan zegoela Nafarroan prestatutako proposamena, baina, aurretik beste gai garrantzitsuago bat lotzeko beharra dagoela, hitzarmen ekonomikoarena.
Nafarroako Gobernuak uste duena da, ekainetik hartua zutela erabakia Espainian eta UPNk egindako presioagatik izan dela ere bai. Hori izan da Gobernuaren bozeramaleak esan duena.
Zer diote gainerako alderdiek gurean?
Gobernua babesten duten lau alderdiek UPNri leporatu diote hitzarmena adosteko negoziazioen haustura eragitea.
EH Bildurentzat eztabaida soziala pizten ari zen unean iritsi da inposizioa. Xantaia egiten ari dira. Hitzarmen ekonomikoa adostearen trukean nahi dute AHTarena. UPNk ez du oraindik irentsi Nafarroan ez duela gehiengorik.
Podemos-Ahal Duguk eta Ezkerrak gaineratu dute ulertezina dela proiektu hondatzaile batekin tematuta segitzea. Nafarroa ezin da modu horretan erabili.
UPNk, zein zentzu hartu dio Espainiak hartutako erabakiari?
Bada Jose Javier Esparza pozik agertu da, Nafarroak izanen duelako abiadura handia eta etorkizunera begira garatua izanen delako erkidegoa. Nafarroako Gobernua ez da egon zegokion mailan, AHTa estrategikoa eta ezinbestekoa delako.
Ideia horri eutsi dio Nafarroako alderdi popularrak ere. Nafarroa ez da izanen bigarren mailako erkidegoa, esan du Ana Beltranek.
Azkenik, alderdi sozialistaren jarrera, zein izan da? Bada, erdibidekoa oraingoan ere.Uste du UPN presionatzen aritu dela, eta hori ez zaio bidezkoa iruditzen, baina era berean dio, abiadura handiko trena ezinbestekoa dela.