Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Lan istripuen eta gaixotasun profesionalen kontzeptuak birformulatzea proposatu du NUPeko ikertzaile batek

Euskalerria Irratia 2017-07-26 09:01   Gizartea  Nafarroa

Julen Llorensek enpresen kotizazioan beherapenak eta gehikuntzak sartzea planteatzen du ezarritako prebentzio neurrien arabera.

Lan istripuen eta gaixotasun profesionalen kontzeptuak birformulatzea proposatu du NUPeko ikertzaile batek
Argazkia: Julen Llorens Espada NUPeko doktore berria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Julen Llorens Espada (Iruñea, 1988) ikertzailea Zuzenbidean lizentziaduna da eta lan istripuek eta gaixotasun profesionalek sortzen dituzten kalteen ordainsistema aldatzearen aldekoa da, aipatu bi kontzeptuak berriro definituz, inor ez dadin geratu  dagokion kalte-ordaina jaso gabe eta ordainketa horretan bikoizketarik gerta ez dadin. Gainera, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesian azaldu bezala, alderdi guztien kalte-ordaina haien erantzukizunarekin lotu beharko litzateke eta enpresen kotizazioan beherapenak eta gehikuntzak sartzea planteatzen du ezarri diren prebentzio neurrien arabera.

José Luis Goñi Sein katedradunak eta Elisa Sierra Hernáiz irakasleak (biak, Zuzenbide Pribatuko Sailekoak) zuzendutako doktoretza tesian kalteen konponketa sistema birplanteatu du. Aipatu sistemak zenbait bitarteko konpentsatzaile ditu: Gizarte-Segurantzaren prestazioak, galeren kalte-ordain osagarriak, Gizarte-Segurantzaren hobekuntza boluntarioak edo prestazioen errekargua.

Gizarte-Segurantzaren ordainari buruz ikertzailea kritiko agertu da kontingentzia profesionalen egungo babes eremuarekin. “Lan istripuaren kontzeptua, gaur egun kasuistikak gainezkatu duena, berriro definitu behar da, baita gaixotasun profesionalaren kontzeptua ere. Azkeneko hau lista itxi batek mugatzen du eta lan munduan jatorria duten hainbat gaixotasun —izaera psikosoziala dutenak adibidez— ez dira jasotzen.”, azaldu du ikertzaileak bikain cum laude kalifikatutako doktoretza tesian.

Kalte-galeren erantzukizun zibil osagarriari dagokionez, Llorensek lan-istripuen esparruko kalteak baloratzeko berariazko baremo bat ez edukitzearen problematika aztertu du. “Gaur egun epaileek lan-istripuen baremoa orientatzeko erabiltzen dute, eta horrek inkongruentziak sortzen ditu —baieztatu du—. Adibidez, zirkulazioaren baremo berriak enpresak ordaindu beharreko kalte-ordainetik Gizarte-Segurantzaren prestazioak kentzen ditu, azkeneko horiek desberdinak badira ere zirkulazio istripua denean edo lan istripua denean.”.

Kostua erantzukizunaren arabera

Arrisku profesionalek eragindako kostuak egile bakoitzak ezbeharrean izan duen parte-hartzearen arabera banaatzearen aldekoa da ikertzailea, zenbait alderdi bidegabe aberastea ekiditeko. “Benetan sortu diren kalteen gainetik ez ordaintzea da kontua eta jasan ez diren  kalteengatik ordainik ez jasotzea”, azaldu du.

Horretarako kontingentzia profesionalen arabera egungo kotizazio eredua aldatzea proposatzen du “bonus sistema baliogabea deritzonaren gabeziak gaindituz".  “Enpresak ordaintzen duen tarifak beherapenak eta gehikuntzak jaso beharko lituzke, martxan jarri dituen arriskuen murrizketarako neurriak, esparru horretako helburuen betetzea, sektore bereko lan munduko ezbeharren kopuru orokorra eta konparaziozkoa eta konpainia bakoitzaren ezbehar kopuruen bilakaera kontuan hartuz,  eta korporazio handien eta enpresa txiki eta ertainen artean desberdindu behar da beti”, gaineratu dudoktoretza tesiaren egileak.

Ildo horretan Llorensek prestazioen errekargua deritzona kentzea proposatzen du, enpresak lan arriskuen prebentziorako araudia bete ez duenean langileari ematen dion zenbatekoaren gehikuntza. “Azkeneko kalte-ordaina kalkulatzeko ez da aurrez prestazio errekargu moduan jasotakoaren deskontua egiten eta inposizio bikoitza ematen da enpresariarengan eta konpentsazio gehigarria, istripua izan duen langilearengan. Arrisku araudiaren urratze larrien kasuan figura berri bat sortzea proposatzen du: itzulera ekintza deritzona, horrekin Gizarte Segurantzaren kostuen zati bat itzultzea eskatzen dio Estatuak  enpresa arau-hausleari”, ondorioztatu du.

Curriculum laburra

Doktoretza lortu baino lehen Julen Llorens Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Zuzenbideko Espezializazio eta Ikerketa Masterra egin zuen Zaragozako Unibertsitatean. Gaur egun nafar erakundeko Zuzenbide Pribatuko Saileko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea jakintza-arloko irakaslea da.

Bere ikerketa jardueren artean, parte hartu du, eta egun ere parte hartzen du, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak, I+G+b Plan Nazionalaren barruan, finantzatzen dituen proiektuetan. Ikerketa egonaldiak egin ditu, baita ere, Cagliariko (Italia) Industria Harremanen Ikerketarako Zentroan eta Paueko (Frantzia) Unibertsitateko Europako Ikerketetarako eta Dokumentaziorako Zentroan. Argitalpenen artean artikulu anitz ageri dira, zenbait libururen kapituluak eta "La reparación del daño derivado de accidente de trabajo” izenburuko monografia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa