Ikurrina balkoian jarrita hasi dira Iruñeko sanferminak

Euskalerria Irratia 2017ko uztailaren 6a

Euskalerria Irratia eta Berria egunkaria elkarlanean emititzen ari gara txupinazoa, saio berezia eskainita 10:00etatik 12:30etara, udaletxeko plazatik.

Txupinazoa Udaletxe plazatik, Seminario Etxetik kontatuko du Euskalerria Irratiak, Berria egunkariarekin elkarlanean; izan ere, Berriak kamera bat izanen du plazan, eta irudiak Euskalerria Irratiaren kontakizunak lagundurik zabalduko dituzte streaming bidez berria.eus eta euskalerriairratia.eus webguneetan.

Irrati saioa goizeko hamarretan hasiko da. Reyes Ilintxetak eta Juan Kruz Lakastak gidatuko dute, Seminario Etxetik, eta Pello Argiñarena Udaletxe barruan izanen da.

Argiñarenak alkatea, zinegotziak eta txupinazoa jaurtiko duten DYAko kideak elkarrizketatuko ditu. Baina, halaber, hainbat kale konexio eginen dituzte, sanferminetako egiazko protagonistak kaletarrak baitira.

Besteak beste, La Pamplonesa musika bandaren, Duguna udal dantza taldearen, Erraldoien eta Kilikien konpartsaren eta zenbait peñatako kideen hamaiketakoekin bat eginen dute.  

Halaber, Herri Sanferminak eta Txirikorda plataformako kideekin mintzatuko dira. Eta Katakrak, Karrikiri eta Zaldiko Maldiko ekartea bisitatuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!