Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, "belaunaldi gazteenek, duela ia laurogei urte zer gertatu zen zorroztasunez jakinda, bake, bizikidetza eta giza eskubideen balioetan oinarritzen den gizarte bat, bidezkoagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa den gizarte bat" eraiki dezaten eskatu du.
Horrela adierazi du Erronkarin "frankismoaren esklaboak" goraipatzeko ekitaldian. 1929. urtean Bidankozeraino doan pista esklabotasun-baldintzetan eraikitzera behartu zituzten presoen batailoiak izan ziren. Ekitaldia Nafarroako Gobernuak antolatu du herriko Udalarekin, "Memoriaren Bideak" elkartearekin eta hezkuntza-komunitatearekin batera, eta bertan, "Julián Gayarre" ikastetxeko eta "Roncal-Erronkari" DBHko institutuko ikasleak izan dira; baita haien senideak ere. Guztiei zuzendu zaie Ana Ollo, eta "Memoria duten eskolak" proiektuan parte hartzea eskatu die, "zuek, gaur, memoria eraikitzen ari zaretelako: memoria, iraganeko oroitzapen gisa, eta memoria, etorkizunerako oroitzapen gisa", esan du.
Horrez gain, hau adierazi du: "gaurko ekitaldiaren xedea preso horien eta justizia, berdintasuna, ekitatea eta pertsona guztien giza eskubideak defendatzen borrokatu, sufritu eta hil ziren horien guztien memoria berreskuratzea da", eta Gobernuak memoria historikoarekin eta belaunaldi berriei igortzearekin duen konpromisoa azpimarratu du.
Ana Ollorekin batera, Erronkariko alkate Aitor Garmendiak, eta ikastetxeko zuzendari Susana Lusarek, plaka ofizial bat jarri dute ikastetxean, frankismoaren esklaboen omenez, testu honekin: "En recuerdo de los más de 1.000 prisioneros antifascistas encerrados en este edificio mientras abrían la pista hacia Vidángoz (1939-1940). 1939tik 1940ra Bidankozerako pista egin bitartean eraikin honetan giltzapetutako 1.000tik gora gatibu antifaxisten oroigarri", eta esaldi hau euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galegoz eta asturieraz, presoen jatorriaren omenez: "Zuen oroimena, gure askatasunerako bide - Vuestra memoria, senda de nuestra libertad - La vostra memòria, senda de la nostra llibertat - A vosa memoria, senda da nosa liberdade- La vuesa memoria, sienda de la nuesa llibertá".
Horren aurretik, preso horiei buruzko hitzaldi bat eman dute Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont historialariek.