Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Ahal Dugu, berrantolaketa bideratuko duen lemazainaren bila

Euskalerria Irratia 2017-05-09 13:17   Politika  Nafarroa

> Laura Perezek eta Eduardo Santosek Euskalerria Irratian egin dute haien arteko lehen eztabaida.
> Perezek dio Santosek Madrildik eta Aznarezek parlamentuko presidentetzatik nekez zuzendu ahal izanen dutela alderdia.
> Santosen arabera, Perezek ez du jakin lana banatzen, eta alderdia berrantolatzeko lidergo korala behar da.

Nafarroako Ahal Duguren jarraitzaileek maiatzaren 16tik 20ra bozkatu ahal izanen dute, idazkari nagusi eta Herritar Kontseilu berria hautatzeko.

Egungo idazkari nagusi Laura Perezek Lana 2019 hautagaitza sortu du, besteak beste, Jose Ramon Urtasunekin eta rekin batera. Eduardo Santos diputatuak, aldiz, Martxoak 20, besteak beste, Ainhoa Aznarez eta Xabier Fernandez lagun dituela. Bada hirugarren hautagai bat, Fran Espinosa Uharteko zinegotzia, baina ez du hautagaitza zabalago baten sostengurik.

Euskalerria Irratiko eztabaidan, Perez eta Santos bat etorri dira hainbat gaitan: biok aldarrikatzen dute Ahal Duguk 2019an gobernu berriaren burua izan behar dela. Biok uste dute haien alderdiak erakundeetan ez ezik kalean ere eragin behar duela. Biok diote hauteskundeetako zerrendak zein hitzarmen politikak finkatzeko tenorean Madrilgo zuzendaritzarekiko independentzia defendatuko dutela. Eta bion irudikoz, alderdia berrantolatu behar da boterea deszentralizatuz.

Barne antolakuntzaren auzian sakontzerakoan datoz desadostasunik handienak. “Ikusi dugu antolakuntza falta handia dugula. Udaletan, zirkuluetan jendeak ere hori esan digu. Laurak ez du lana banatzen jakin. Eta jarduera oso zentralizatua eta instituzionalizatua izan da. Eztabaida zabalagoak eta lidergo korala behar ditugu”, esan du Santosek.

“Egia da gurea bezalako alderdi sortu berri batean, antolakuntza arazoak izan ditugula. Baina gurea alderdi kolektiboa da, eta, estatutuak eskuartean aztertu beharko litzateke bakoitzak zein betebehar zituen eta zeinetan egin duen huts”, erantzun du Perezek, eta gaineratu du Santosek berak eta Aznarezek ordezkatu izan dutela alderdia.

Santosen aburuz, “Ahal Dugun benetan lan egin duten guztiak” bere hautagaitzan daude eta “haiek dira alderdian lana zuzendu eta bana dezaketenak”. Perezen, iritziz, aldiz, Madrilen diputatu izanda “oso zaila izan daiteke alderdia gidatzea, erabaki asko eta batzuetan oso azkar hartu behar baitira”, eta “Ainhoak parlamentuko presidentetza dela eta, askotan ez du astirik izaten talde parlamentarioaren bileretan parte hartzeko”.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa