Orain dela bi urte baino %16 txikiagoa da Iruñearen zor bizia

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 22a, 08:55

Udal-sektore publikoaren zor biziak 86 milioi euro jo zuen –duela bi urte baino % 16 gutxiago–, eta diruzaintzako geldikinek 64 milioi –% 19 gehiago–.

Udalak udalen arteko topaketa bat deitu du martxoaren 31rako, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea eta horrek ezartzen dituen mugak indargabetu daitezela eskatzeko.

2016ko aurrekontu-itxierako aurreikuspenen arabera, udal-sektore publikoak –Udalak, erakunde autonomoek eta Udala partaide bakarra duten enpresek osatua– 86.051.381 euroko zor bizia dauka, hots, duela bi urte baino % 15,8 gutxiago, orduan zor horrek 102 milioi euroko kopurua gainditzen baitzuen. Diruzaintzako geldikinek –finantza-kudeaketaren eta -egoeraren adierazle nagusiak– 64,7 milioi euro jotzen dute gaur egun, hots, 2012tik honako zifrarik altuena, nahiz eta urte hartan zorra artean 115 milioi eurokoa zen.

Nahiz eta 2016ko ekitaldia 13,6 milioiko superabitarekin amaitzea espero den, eta zorra murriztu eta geldikinak igo egin diren arren, Iruñeko Udalak ezin izanen du diru hori baliatu –esaterako, inbertsio, gizarte-gastu edo enplegu publikorako– Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak ezarritako mugen erruz. Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean datu ekonomiko horiek ezagutarazteko, eta iragartzeko datorren ostiralean, martxoaren 31n, udalen arteko topaketa bat deitu duela Udalak, Nafarroako zenbait udalekin batera, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea indargabetu dadila eskatzeko, tokiko erakundeen gastua eta diru-sarreren aurreikuspenak murrizten dituelako, eta, gainera, horiek Estatuko Aurrekontu Orokorren onespenaren menpe jartzen dituelako.

Iruñea udalekin harremanetan jarri da, eta topaketa horretan parte hartzeko gonbit egin die  Tutera, Barañain, Burlata, Eguesibar, Lizarra, Tafalla, Zizur Nagusi, Antsoain, Atarrabia, Zangoza eta Erriberriko udalei, hain zuzen ere merindade-buruei eta Nafarroako udalerri populatuenei. Topaketa 09:30etik 11:30era bitartean eginen da, Iruñeko Udaletxean bertan, xede harturik elkarrekin jarduteko zenbait ekimen eta lan-dinamika zehaztea, zeinen helburua izanen baita legearen indargabetzea eskatzea, hartara lehengo egoerara itzul dadin gaurko udal-aurrekontuetako diru-sarrera eta gastuen muga.

Udal-sektore publikoaren zor bizia, xehe-mehe

Azken urtean 7,8 milioi eurotan murriztu da udal-sektore publikoaren zor bizia: 93.926.655 eurokoa zen 2015eko ekitaldia amaitzerakoan, eta 86.051.381 eurokoa 2016aren bukaeran. 2014an zorrak 102.092.893 euro jo zuen (gaur egun baino % 15,8 gehiago); 2013an 109.138.601 eurokoa zen (% 21,2 handiagoa), eta 2012an, zorrak goia jo zuen:115.976.715 euro (egun baino % 25,8 gehiago). Azken bi urteetan (2014-2016 tartean) zorra aurreko bietan baino (2012-2014) % 4 gehiago jaitsi da; aldi berean, udal-gastua eta inbertsioak 6 milioi eurotan eta 4,1 milioi eurotan igo dira, hurrenez hurren.

Udal-sektore publikoaren zorreko 86 milioiak xehatuz, 72.808.444 euro Udalaren zor biziari dagokio, 13.175.000 euro Hirigintza Gerentziari, eta 67.936 euro Pamplona Centro Histórico sozietate publikoari. Udalaren zorra % 14,7 murriztu zen 2016ko ekitaldian: 78,9 milioi eurokoa zen, eta 72,8 milioikoa orain.

Hirigintza Gerentziaren zorra 17 milioi eurokoa izan da 2013ra arte, eta jaitsi egin da ordutik hona. 2014an 425.000 euro jaitsi zen (% 2,5), eta hurrengo bi urteetan 1,7 milioi urteko (% 11,2 eta 11,5, hurrenez hurren, 2015an eta 2016an).

Azkenik, Pamplona Centro Histórico sozietatearen zorra % 69 murriztu da azken bi aurrekontu ekitaldietan. 218.560 eurotik 144.986 eurora jaitsi zen 2015ean, eta zifra horretatik 67.936 eurora 2016ko ekitaldiaren itxieran.

Azken bost urteetako geldikin-daturik hoberena

Diruzaintzako geldikinak dira udalen finantza-kudeaketaren eta -egoeraren adierazle nagusiak. Beraz, agerian uzten dute une jakin bateko finantzazio gaitasuna eta beharra. 2016ko ekitaldiaren amaieran diruzaintzako geldikinek 64,7 milioi euro jotzen zuten, 2014an baino % 18,9 gehiago. Gainera, datu hori azken bost urteetako (2012tik honako) onena da, nahiz eta 2012an zorra 115 milioi eurokoa zen, hots, orduko hartan diruz beteagoa zegoen “poltsa”, baina zorra ere handiagoa zen.

Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea indargabetuko balitz, Iruñeko Udalak 64,7 milioi euro horiekin zer egin erabakitzeko autonomia izango luke. Joseba Asiron alkatearen aburuz, diru hori bidera liteke gastu sozialera, udal-plantilla berritzera, hiriko auzo zaurgarrienen zaharberritzea sustatzera, edo bizilagun eta elkarteek eskatutako ekipamenduak egitera.

2016ko kontuen itxierak erakusten du diru-sarrerak % 5,4 handitu direla (201 milioi euroko kopurua jo arte); igoera hori aurreikusia zen arren, ezin izan da aurtengo aurrekontuan islatu, Egonkortasunari buruzko Legeak ez duelako uzten 198 milioi baino gehiago gastatzen. Horrenbestez, Iruñeko Udalak eta martxoaren 31ko topaketan parte hartuko duten beste udal batzuek lege hori indargabetzea eskatu nahi dute, hartara tokiko erakundeek autonomia eta arautzeko ahalmen handiagoa izango lituzkete udalerri bakoitzak sortutako baliabideak kudeatzeko.

“Guztion arazoaren aurrean, irtenbide konpartitua”

Alkateak azaldu duenez: “64 milioi euro ditugu geldikinetan, baina ezin ditugu gastatu. Edo ezin gastatu, behinik behin, hiriarentzat benetan garrantzitsuak diren kontuetan. Zergatik hori? Bada, Gastu Arau Orokorrak –hots, Europak inposatu eta Estatuak hertsiki aplikatutako legediak– zigortu egiten dituelako Iruñekoa bezala diru-kontuak egoera onean dituzten udalak, gastu-ahalmena mugatuz eta, trukean, zorra ordaintzea lehenetsiz”. Eta honela amaitu du: “nahiz eta erakutsi dugun badakigula gure hiria kudeatzen, sosak zorra ordaintzera bideratzera behartzen gaituzte, ongi kitatzen ari garen zorra; eta debekatu egiten digute sinesten dugun horretan gastatzea, hots, gure hiriko gehiengo sozialaren ongizatean”.

Alkateak berak eta Patricia Peralesek gehitu dute ezen “nahi badugu udalak kudeaketa-tresna eraginkorrak izan daitezen, herritarren beharrei eraginkortasunez erantzungo dietenak, guztiz beharrezkoa dugu lege hori indargabetzea. Iruñean badakigu arazo hori Nafarroako udal guztiok pairatzen dugula eta, horrenbestez, irtenbidea ere konpartitua izan behar dela, norberaren alderdi eta ideologiaz gaindi”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!