Nafarroako zorra laukoiztu egin da hamabost urtean Kontuen Ganberaren esanetan

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 17a, 14:04

Nafarroako Gobernuaren zorra 672 milioi zen 2000an; handik hamabost urtera, berriz, 2.845 milioi. Datu argigarria da hurrengoa: 2009ko zorra 1.030 zen; handik bi urtera, ia halako bi.

Kontuen Ganberak Nafarroako zor publikoari buruzko txostena argitaratu du. Txostena gai hori aztertzen ari den ponentziak eskatu zuen. Ponentziako kideek bidali ondotik, orain publiko egin da. Bertan Nafarroako Gobernuaren zorraren bilakaera eta sozietate publikoena aztertzen da.

Gobernuaren zorrari dagokionez, 2000-2015 epea aztertu da. Sozietateen kasuan, berriz, 2000tik 2011ra arteko epea aztertu da, azken urteotako zorrari buruzko datuak eskuratuak baitzituen ponentziak, enpresen korporazioak berak emanak.

Nafarroako Gobernuaren zorra 672 milioi zen 2000an; handik hamabost urtera, berriz, 2.845 milioi. Urtetik urtera igotzen joan zen, baina igoerarik handiena 2008tik aurrera gertatu zen. Datu argigarria da hurrengoa: 2009ko zorra 1.030 zen; handik bi urtera, ia halako bi.

2008an hautsi zen kontuen oreka

Gobernuaren kontuen okertzea sakona eta bat-batekoa izan zen. Kontuan hartzekoa da 2007an superabita izan zela. Bada, hurrengo urtean diru-sarreren eta gastuen desoreka ia 400 milioikoa izan zen. Hurrengo urteetan ere diru-beharrak sarrerak baino 300 milioitik gorakoak izan ziren. 2013ra arte ez zen 300 milioiko marratik gutxitu, eta 2015ean 177 milioira jaitsi zen.

Zorraren osaketari dagokionez, 2007ra arte zor publikoa zen zorraren zati nagusia- %96- eta gainerakoa maileguak ziren. Geroztik egoera aldatzen joan zen, maileguak ugaritu baitziren, zorraren zati garrantzitsua hartuz. 2015ean zor osoaren %38 ziren.

Zenbat eta zor handiagoa, orduan eta finantza-zama handia, noski. Horrek esan nahi du Foru Administrazioak urteko aurrekontutik gero eta diru gehiago hartu behar duela zorrari aurre egiteko. Azken urteotan, zenbateko hori bikoiztu egin da: 178 milioitik 415 milioira. Gaur egun, gobernuak urtean gastatzen duiten 100 eurotik 11 finantza zamari aurre egiteko erabiltzen dira.

Zorraren amortizazio epeak ere aztertu dira. Aipatzekoa da zorraren erdia 2020 baino lehenago amortizatu behar dela.

2000-2015 epeko zor publikoaren jaulkipenak ere aztertu dira: 18 obligazio-jaulkipen eta 5 bonu-jaulkipen. Zenbateko osoa 2.347 milioi izan da, eta zor publikoaren amortizazioa 1.244 milioi.

Maileguen bidez 1.485 milioi eskatu dira, eta 433 milioiko amortizazioa egin da. Maileguen %80 finantza entitateekin egin da eta gainerakoa Inbertsioen Europar Bankuarekin. Interes mota %4ren ingurukoa izan zen hasieran. Ondoren, behera egin zuen, %2an kokatuz.

Gobernuak harturiko zorra hiru helburu nagusitarako erabili da: aurreko zorrak berriro finantzatzea; aurrekontu defizitari aurre egitea; eta Abiadura Handiko Trenaren obra lanak.

Sozietate publikoen zorrari dagokionez, 2000an 60 milioi zen; handik hamaika urtera, berriz, 317 milioi. Zorraren zati nagusia finantza entitateekin hartua da.

Gobernuaren eta sozietate publikoen abalak

Txostenak gobernuak eta sozietateek emaniko abalak ere aztertu ditu. 2000an, Gobernuak 39 milioiko abalak eman zituen eta 149 milioi 2015ean. Abalen igoera 2009an hasi zen. Sodenak, Los Arcosko Zirkuituak eta Osasunak hartu zituzten abalen zenbateko nagusia.  

Sozietate publikoek 2000an  27 milioiko abalak eman zituzten, eta 340 milioi 2015ean. Abal gehienak ematen dituzten enpresak Nafinco eta Sodena dira.

Txostenak Nafarroako zor publiko osoa ere zenbatu du, alegia, Gobernuarena eta sozietate publikoenaz gain beste erakundeena eta itzalpeko ordain-sariek sorturikoa ere kontuan hartuz. 2000ko Nafarroako zor publikoa 648 milioikoa zen; 2015ean 3.322 milioikoa.

Kontuen Ganberaren txostenak Estatuko lurraldeen zorraren bilakaera ere aztertu du. Konklusio nagusia da Nafarroako zorra gutxiago handitu dela bataz bestekoa baino. Autonomia erkidegoen zerrenda egiten bada, zor gehien duenetik hasita, gutxien duenarekin amaitzeko, Nafarroa 12. lekuan dago. 2000an, berriz, 5. Postuan zegoen.

Zor gehien duten erkidegoak Balentzia, Gaztela mantxakoa eta Kataluya dira. Egoera hoberenean daudenak honakoak:Madril, Euskadiko Autonomia Erkidegoa eta Kanariak.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!