Gobernuak "UPNren prebentzio eredua" berreskuratu nahi duela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2017ko martxoaren 10a

Argazkia: Igor Arroyo eta Imanol Karrera, LABeko egoitzan.

Lan arriskuen arloan egitasmoak egiteko 850.000 euroko deialdia kaleratu du Exekutiboak, irabazi asmorik gabeko erakundeak aurkez daitezen. UGT eta CCOO sindikatuen neurrira egindako deialdia dela esan du LABek.

Uxue Barkos lehendakariari eskari zuzena egin dio LAB sindikatuak: 850.000 euroko partida Lan Osasuneko Nafarroako Zerbitzuaren esku utz dezan eta ez irabazi asmorik gabeko erakundeen esku. Izan ere, LABen aburuz, lan arriskuen arloan egitasmoak egikaritzeko 850.000 euroko deialdiak UGT eta CCOO sindikatuei "mesede egitea besterik" ez du xede. 

Hain justu, UPN gobernuan zela, prebentzio eginbeharrak azpikontratzen zituen, Nafarroako Enpresarien Elkartearen, CCOOsen eta UGTren bidez, urtero kasik bi milioi euro emanez. Orain mahai gainean dagoena bestelako formula bada ere, erregionalisten prebentzio eredua birproduzitzen duelakoan dago Politika Instituzionalerako arduradun LABeko Imanol Karrera.

Eredu jarraipenarekin, kritiko

LAB oso kritiko azaldu da eredu horrekin, “utzikeria ulertezina” baiteritzo Lan Osasuneko Zerbitzu on bat ez egiteari. "Gobernuak izan badu Lan Osasuneko Zerbitzu on bat eta egin beharko lukeena bertan inbertitzea da, lanpostu publikoak sortuz", esan du Karrerak.

Ildo beretik, lehiatzen diren eragileak, alderdi politikoak eta sindikatuak kasu, zerbitzu publikoak kudeatzeko egokiak ez direla ziurtatu du sindikatuak, zerbitzuak ematerakoan "promozio korporatiboa" ere egiten baitute. "LAB ados dago sindikatu bakoitzeko prebentzio ordezkarien prestakuntza finantzatzearekin, baina enpresetan prebentzioaren jarraipena eta sustapena zuzenean Lan Osasuneko Nafarroako Zerbitzutik egin behar da", ziurtatu dute.

Bestalde, lan osasuneko jarduera azpikontratatuen ebaluaziorik “sekula” egin ez izana gaitzetsi eta oroitarazi du LABek: "Ez dago horiek eraginkortasuna frogatzen duen inongo daturik".

Amaitzeko, UGT eta CCOO finantziazioa jarri du jo puntuan: "Nafarroan argitaratu diren azken informazioen arabera, UGT eta CCOOk bere antolakuntza eta ekintza sindikaleko egiturak ustez finantzatu zituzten prestakuntza eta bestelako zerbitzuetara bideratu beharko litzatekeen diru publikoaren bidez".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!