Hitzak ala ekintzak? Oraindik ere ez dago berdintasunik: feminismoa da bidea izenburuko manifestua irakurri dute Iruñeko Udalaren izenean Laura Berro eta Maider Beloki zinegotziek, martxoaren 8aren harira udalak egindako elkarretaratzean.
Berdintasun politikak garatzen jarraitzeko "konpromisoa" azaldu dute; "berdintasuna" txertatuko dute "politika publiko guztietan" eta "ekintza zehatzak" gauzatuko dituzte. Horrez gainera, mugimendu feministak egindako lana goratu dute.
Orain artean, instituzioek "mezu politak" zabaldu bai, baina "ekintzarik" ez dutela egiten salatu du, halaber, Patri Perales zinegotziak, oraingo Iruñeko Udala "neurri zehatzetan lanean" ari dela azpimarratzearekin bat. Honako hau da helburua, Peralesen hitzetan: "Pasatzea ideietatik ekintzetara". "Bada momentua, orain arte administrazioan eta udalean hainbat mezu polit izan dira, baina ez dira garatu benetako politikak egoera larri honi aurre egiteko. Gure kasuan, orain bada momentua ekintzetara pasdatzeko. Ez dago berdintasunik, hori argi eta garbi esan behar da. Udalean egin duguna da bi teknikari sartzea, diru gehiago jartzea eta hasiko gara neurri zehatzak martxan jartzen".
Ahalduntzerako espazio bat
Neurri zehatzei buruz solasean, Iruñeko Udalak "emakumeen ahalduntzerako espazio bat" sortuko duela jakinarazi du Laura Berro zinegotziak. Peralesek azaldu du zertan den egitasmoa: "Pedagogia egin behar da; ahalduntze prozesu hori egin beharko da. Gure asmoa da zentro berezi bat egitea, eragileekin batera eta prozesu hau martxan jartzea".