Abel Azkonaren eta Fermin Alonsoren (UPN) polemika Twitterren

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 7a, 07:58

UPNko kultur zinegotzi ohiak egungo udal agintarien aurka egin du sare sozialetan Abel Azkonaren "lan iraingarriak" iruindarren diruarekin babesteagatik. Azkonak berehala erantzun dio esanez, UPNren agintaldian hiru aldiz eta hiru sala desberdinetan erakutsi zituela bere lanak. 

Atzo arratsaldean hasi zen eztabaida Twitter sare sozialean. Fermin Alonso UPNko kidea eta joan den legealdian Iruñeko Udalean kultura zinegotzi izandakoa egungo udal agintarien aurka egin du: "Abel Azkonaren erakusketa erabili dute iruindarren diruz babestua jendea iraintzeko". Hitz horiek sortu zuten anabasa. Berehala artista iruindarrak erantzun egin zion txio horri. Abel Azkonak gogorarazi zion UPN Iruñeko Udalean agintean zen garaian hiru aldiz eta hiru leku desberdinetan erakutsi zituela bere obrak. Bestelakoak ere gogoratu dizkio Alonsori: "6.000 euro jaso nituen arte garaikideko jardunaldi batzuetara gonbidatu gisa joateagatik. Egungo udal taldearekin 0 euro kobratu ditut". 

Alonsok ez du gaia bere horretan utzi. Azkonari esan dio: "Ni zinegotzi nintzela, ez zenion inori irainik egin. Zure erakusketengatik, zure soldataz gain, gastuak ordaindu ziren diru publikoz". Azkonak zenbait txio egin ditu jarraian, argi utzi nahirik UPNren garaian ere erakusketak egiten zituela. Hala esan du: "Zurekin orain erakutsi dudan erakusketaren oso antzerako bat erakutsi nuen, baina garai hartan oposizioak ez zuen manipulaziorik egiten zuek ari zareten moduan, adierazpen askatasunean sinetsi egiten zuen". "Gazte Artistak" izeneko epaimahaiko presidente izan nintzen zuekin eta accesita eman zenidan Corana irensten nuen fundamentalismoari kritika egiteko", gaineratu du. Horrez gainera beste txio hauek ere bai: "Bilera ere izan nuen eta zure alderdiak kultur arloan postua eskaini zidan zuen parlamentario batekin larrua jotzen nuelako". Eta galdera bat ere bota dio Alonsori: "Segituko dut hizketan? Isiltzeko gehiago duzue hitz egiteko baino. Beraz, aski da moral bikoitza erakusteaz eta gezurrezko datuak emateaz". 

Ikusi txioak jarraian. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!