Txantrea auzoko hegoaldean egitekoa den parkea diseinatzeko hautatutako bost proiektuen berri eman du gaur goizean Iruñeko Udalak. Proposamen horiek Udalak antolatutako ideia-lehiaketara aurkeztu ziren, eta hortaz, udal-teknikariek egin dute horien lehenbiziko balorazioa; gerora Hirigintzako Gerentziak balioetsi beharko ditu. Proiektuek biltzen dituzte iazko urte amaieran abiarazitako prozesu partizipatiboaren barruan auzoko entitateek, elkarteek eta auzotarrek egindako ekarpenak, eta hilabete honetatik aurrera gauzatuko den prozesuaren bigarren fasean ekarpen gehiago egin ahalko dituzte, hartara osatzeko parkearen behin betiko diseinua.
Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Arbuniés y Lekunberri Asociados enpresako Lupe Lekunberrik aurkeztu dituzte bost proposamenak –lehiaketa publikora aurkeztutako hamaiken artean hautatuak– eta prozesu partizipatiboarren bigarren fasearen hasiera. Proiektua abian jartzeko, 223.600 euroko inbertsioa aurreikusi du Udalak; horietako 30.000 bost finalisten artean banatzen dira (6.000 euro, bakoitzeko), eta gainerako 193.600 euroak proiektua erredaktatzeko kontratura bideratuko dira, behin prozesu partizipatiboaren bigarren fasea amaitu eta proiektua esleitutakoan. Prozesu partizipatiboa bera antolatzeko 14.656,13 erabili dira.
Hona hemen hautatutako bost proiektuen izenak eta eskuratu dituzten puntuak: Armonía, 85 puntu; Greenery, 81; Begibistan, 77; Nuestros caminos se cruzan en el bosque, 69 eta Bosque temático, 62 puntu. Gehienez erdietsi zitekeen puntuazioa 100 zen, eta honako irizpide hauekin bat egin da balorazioa: antolamendu orokorra, paisaia- eta arkitektura-proiektua eta hiri-egiturarekin bat etortzea; lotura-bideak proposatzea bai eta oinezko eta ziklistendako bideak ere; proiektua inguruneari egokitzea eta ingurunea ere proiektuarekin uztartzea, hirigintza inklusiborako irizpideak erabiltzea (hots, biztanle guztiendako hiri bat lortzearen aldekoak). Halaber, kontuan hartu da nola aintzat hartu eta txertatu dituzten prozesu partizibatiboaren lehenengo fasean egin diren iradokizunak.
Armonía proiektuari buruz proposamenaren oreka azpimarratu da, eta xehetasun hauek aipatu: auzoko baratzeen kokalekua eta parkeko ekialdeko errekasto bat berreskuratu, erdian belardi bat diseinatu eta iparraldean eta hegoaldean bi ibilbide handi sortzeko ideiak. Greenery proiektuari dagokionez, gune irekien eta arboladien arteko oreka nabarmendu da, eta Magdalenaren ondoko baratzeetako kokalekua eta zein landaretza erabiltzea aurreikusi den. Erdigunean belardi handi bat eta Magdalenaren muga ondoan baratzeak proposatzen ditu Begibistan izenekoak. Nuestros caminos se cruzan en el bosque proposamenak aintzat hartzen ditu ingurumenarekin loturiko ikusmolde bat – oinarri hartzen du tokiko espeziekin egindako hiri-basoaren ideia– eta jarduerak egiteko argigune handiak sortzeko asmoa. Azkenik, Bosque temático proiektuan balorazio ona izan du erdigunean espazio garbi bat sortzeko proposamena, Arga ibai-parkea eta parke berria lotzekoa eta proiektatutako hiri-plazak txertatzekoa.
Saio irekiak aurkeztutako proiektuak ezagutu eta ekarpenak egiteko
Fase berri bati ekin beharko diote bost proposamenek, eta martxoa eta apirila bitarte egitekoa den fase horretan, berriz ere hartuko dute parte bizilagun, elkarte eta entitateek. Hautatutako proiektuak ezagutzera eman eta ekarpenak egite aldera, parte hartzeko bi saio ireki eginen dira, bai eta bi foro ere– argibideak ematekoa bat, kolektiboki parte hartu eta sortzekoa bestea–. Horien osagarri, jarduerak egingo dira berariazko zenbait kolektiborekin –besteak beste ikasleak, gazte eta aisialdi-taldeak, erretiratuen kolektiboak–, eta kafe-solasaldiak emakume eta familiekin. Halaber, 10 elkarrizketa egingo dira auzoan giltzarri diren kolektibo eta bizilagunekin. Amaierako saio batean bateratze-lana egingo da, zeinetan lortutako emaitzak trukatu eta parte hartzeko jardueretan jasotako ekarpenak bilduko baitira.
Prozesu partizipatiboaren fase honetan jasotako iradokizunak txertatu beharko dituzte hautatutako proiektuek, eta horrez gain, zehaztu beharko dituzte parkearen diseinuari berari loturiko alderdiak: akaberak eta proposatutako materialak, eraikitze-alderdia, zuhaitz, landare eta loreen proposamena eta proposamenaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren analisia, non aipatu beharko dira bai inbertsioaren doikuntza bai parkeak etorkizunean sortuko dituen mantentze-gastuak.
Prozesu partizipatiboaren bigarren fasea Aste Santua baino lehen amaitzea aurreikusten da. Gero, hilabete bateko epea egongo da, gutxi gorabehera, hautatutako proiektuak gauzatu dituzten enpresek aurreproiektuak presta ditzaten, parte-hartze prozesu horren ekarpenak txertatuta. Ekainean erabakiko da zein proposamen den irabazlea, eta hortik aitzina, egileek hiru hilabete izango dituzte (irailera bitarte) parkearen behin betiko diseinua egiteko.
Txantrea auzoko hegoaldeko urbanizazio-proiektuaren barruan dago parke berria, eta zonalde horren egungo itxura aldatuko du, plaza, bide, berdegune eta etxebizitza berriekin. Mendebaldetik ekialdera zabalduko da parkea, Magdalenako zubitik hasi eta Burlatako mugaraino. Iparraldean, Udal Planean aurreikusitako kale berri batekin –Corella etorbidearekin paraleloan– izango du muga, eta hegoaldean, Donejakue bidearekin eta Magdalenako eremuarekin. Kalkulatutako azalerak 101.628 m2 hartzen ditu, eta parkeko obrak gauzatzeko gehieneko aurrekontuak 4,5 milioi euro jotzen du.
Prozesu partizipatiboaren lehenengo fasea azaroan amaitu zen
Prozesu partizipatiboaren lehen fasea iraila eta azaroa bitarte gauzatu zen, lau lan-ardatzen inguruan. Lehenbiziko ardatzak eremu libre berri horren oinarrizko antolamendua zehazten zuen, zenbait elementuri erreparatuta: erabilerak, forma eta paisaiarekin lotutako alderdiak eta hiri-egiturarekin bat etortzea. Bigarren lan-ardatzak jorratzen zuen Txantreako gune eraikia eta parke berriaren arteko lotura, zeina aurreikusitako kale berriaren bitartez egingo baita, betiere mugikortasun-aukera guztiak aintzat hartuta. Hirugarren ardatzak erreparatzen zion lotura-bide eta oinezko eta ziklistendako bideak sortzeari, bide horiek lotuko baitute, alde batetik Txantreako hegoaldea Donejakue bidearekin eta Magdalenarekin, eta bestetik, ondoko auzo eta herriak ibai-parkeari lotutako gainerako gune libreekin. Azkenik, laugarren ardatzak xede zuen proiektuan ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak ezartzea, bai eta espazio publikoen erabilera inklusiboaren ingurukoak ere.
Auzoa hegoaldetik itxiko duen parkeari begira ekarpenak egiteko aukera izan dute auzotar, elkarte, entitate eta auzoko zenbait kolektibok, parte hartzeko hiru bideren bitartez. Alde batetik, lau argibide-saio antolatu dira auzoko Gizarte Ekimenetarako zentroan, eta bisita gidatu bat parkea kokatuko den gunera, proiektua testuinguruan jarri eta kokatze aldera. Bestetik, hogeita hamar bat elkarrizketa egin dira auzoan giltzarri diren pertsona eta kolektiboekin, bai eta auzoko interes-taldeekin ere. Azkenik, Udalaren www.pamplona.es webgunean prozesu partizipatiboari buruzko informazioa zabaltzeko atal bat abiatu zen, eta bertan ekarpenak egin ahal izateko formulario bat jarri zen.
Prozesu partizipatiboaren lehen faseko ekarpenak
Auzotar, elkarte eta kolektiboek bat egiten dute, oro har, prozesu partizipatiboaren proposamen nagusian: erabilera anitzeko parke bat, herritar ororendako eta aukera zabala eskaintzen duena. Espazio bat non pertsona oro aintzat hartuko den, belaunaldien arteko lotura erraztuko den eta auzoa dinamizatuko. Hartara, sustatu egiten da espazioaren ikusmolde berritzaile bat, zeinak uztartuko baititu gizarte, ingurumen eta ekonomiarekin loturiko alderdiak. Halaber, topagune izango da kultur ekitaldietarako, eta baita ere, sorkuntzarako gune, hezteko gune, ondarea azpimarratzekoa...
Proposamen jakin batzuek parke eredugarria aipatzen dute, oinarritzat ideia hauek hartuko dituen parke bat, alegia: diseinuan eta mantentze-lanetan baliabideak aurreztea, dagoen landaretza mantentzea, auzotarrak elkartzea eta bertan egotea errazten duten eremuak edo agertoki ireki bat sortzea, hezkuntza-jarduerak txertatzea, zati bat baratzeendako uztea, aztertzea eta azpimarratzea historiako elementu eta ondarearen balioa, bai eta elementu horien antzinako erabilerena (esate baterako, Donejakue bidea). Era berean, saihestu egin nahi da parkea inguratzen duen errepideak zirkulazioa erakartzea eta bide laster bihurtzea; hortaz, etxebizitzen eta parkearen arteko lotura-bidean diseinu arina eskatu da. Horregatik egin da bidegorri eta oinezkoendako bideen alde, eta auzoa kultura- eta ondare-erabilerekin (Donejakue bidea eta ibai-parkea) lotzeko lotura bide baten alde, elementu gogoangarri horiekin bat egiteko, eta horiek zabaltzeko.