Oinarriak sarean irakur daitezke. Ziudadelako bulegoan entregatu daitezke lanak, ostiraletik larunbatera arte.
Iaz bezala, epaimahaiak 8 finalista aukeratuko ditu aurkeztutakoen artean, eta irabazlea herri-bozketa bidez hautatuko da.
Hasi da atzera-kontaketa 2017ko sanferminak iragarriko dituen kartela aukeratzeko. Gaur, martxoaren 3an, sanferminetako eskaileran gora maila bat igo, eta lehiaketaren oinarriak argitaratu dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposamenak aurkezteko epea, beraz, zabalik da. Apirilaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira, 13:30ak arte.
Ohi bezala, 100 zentimetro altu eta 70 zabal izan beharko dute kartelek, eta testu hau: “Pamplona/Iruña. San Fermín 2017. 6 al 14 de julio/Uztailaren 6tik 14ra”. Artista nazionalek zein atzerritarrek parte hartu ahalko dute, gehienez ere bakoitzaklan bat –jatorrizkoa, argitaragabea eta teknika librean egina– aurkeztuta. Proposamenak euskarri zurrun baten gainean aurkeztu beharko dira, epaimahaiak balorazioa egin dezan, eta ondoren erakusgai paratzeko. Ezin izanen dira aurkeztu aurreko edizioren batean finalistak izandako obrak.
Lanak behar bezala paketatuta aurkeztu behar dira, astelehenetik larunbatera, 10:30etik 13:30era, Iruñeko Ziudadelako Bulegoan (Armada etorbidea, zk.g.). Egilearen sinadurarik gabe aurkeztuko dira, eta, kartelaren atzeko aldean, goiburu bat eramanen dute idatzita. Lehiaketa egiten den bitartean ezin izanen da, inoiz ere, jendaurrean jakitera eman kartelaren egilea nor den.
Kartelarekin batera kanpoko aldean lema bera idatzirik edukiko duen gutun-azal itxia aurkeztuko da. Barruko aldean honako hauek sartuko dira: egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, posta elektronikoaren helbidea, Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, egilearen curriculum profesional laburra eta egileak sinatutako aitorpena, non adierazi beharko baitu aurkezten duen obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.
Herritarren bozketa
Iaz bezala, epaimahaiak 8 finalista aukeratuko ditu aurkeztutakoen artean, eta irabazlea herri-bozketa bidez hautatuko da. Epaimahaiburua Maitena Muruzabal Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaria izanen da, eta epaimahaia Arte Plastikoetako udal-teknikariak eta diseinuaren, komunikazioaren edo arte plastikoen arloko bost profesionalek osatuko dute. Epaimahaiko idazkaria Alorreko langile publiko bat izanen da.
Behin zortzi kartel finalistak hautatu ondoren, lehiaketaren oinarrien arabera, herritarrek gutxienez hamar egunez bozketan parte hartu ahal izango dute, banakako botoaren bidez.
2017ko sanferminak iragarriko dituen kartel irabazleak 3.600 euroko saria jasoko du. Saria ordainduta, Iruñeko Udalak lan sariduna eskuratuko du, eta saritutako egileak (edo egileek) saritutako obrari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak emanen dizkio Iruñeko Udalari, beretako bakarrik.
376 kartel aurkeztu ziren 2016an
Iaz sanferminetako kartel-lehiaketara 376 proposamen aurkeztu ziren. Horietatik, 166 Iruñetik jaso ziren, hau da, % 44,15, aurreko urtean izandakoaren antzera. Nafarroako beste toki batzuetatik 69 iritsi ziren; beraz, Nafarroatik jasotako kartelak, guztira, 235 ziren, aurkeztutakoen % 62,5. Gainerakoetatik, 135 Espainiako beste probintzia batzuetakoak ziren, eta 6 atzerritik jasoak (% 1,6). 2015ean 462 kartel aurkeztu ziren.