Epaileek diote Net21 irratiari ez dagokiola 1,6 milioiko kalte ordaina

Euskalerria Irratia 2017ko martxoaren 6a

Euskalerria Irratiak aurkezturiko helegiteek -eta Justiziak- utzi dute Net21 lizentziarik gabe.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Nafarroako Gobernuak ez diola euro bakar bat ere eman behar Net 21ri, lizentzia banaketaren baliogabetzearen kontura.

Medios de Comunicación 21 SL enpresak 1.609.7030,54 euroko kalte ordaina eskatu zion Nafarroako Gobernuari, 1998ko irrati lizentzien lehen banaketa behin betiko baliogabetu zutelarik.

Zergatik kalte ordain eskaera? Kontua da 2001 urtean, Medios de Comunicación 21 SLk kontratu pribatua sinatu zuela Intereconomia Corporacion SLrekin. Horren arabera, 90 milioi pezetaren truke (542.168 euro), Net 21k frekuentziaren jabetzari eusten zion, baina kudeaketa Intereconomiaren esku uzten zuen, edo –kontratuak berak zehazten zuenez– hark La Informacion SL enpresarekin –hau da, Diario de Navarra egunkariaren argitaratzailearekin– batera sorturiko entitate berri baten esku. 90 milioi pezeta horiez gain, Intereconomiak hilero 1.600.000 pezeta (9.638 euro) ordaindu behar zituen, erabilpenarengatik.

Lizentzia galduta, Net 21k 90 milioi pezeta bueltatu behar (ez ordea hileka jasotako dirua).

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren arabera, Net 21ri ez dagokio kalte ordainik, kontratu hura egin zuelarik bazekielako Iruñeko Komunikabideak SA enpresak –Euskalerria Irratiaren editoreak– helegitea aurkeztua zuela lizentzia banaketaren aurka, eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan kontseilariak ez ziolako baimenik eman kudeaketa beste inoren esku uzteko.

Esan gabe doa prozesu administratibo eta judizial luze eta korapilatsuaren amaieran, Iruñeko Komunikabideak SAk –eta hartara Euskalerria Irratiak– emititzeko lizentzia erdietsu zuela, eta hartara Iruñerriko euskaldunek behingoz euskarazko irratia indar eta legezkotasun osoz jaso ahal izan zutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!