Edozein militantek aurkez dezake hautagaitza, hasieran, martxoaren 6tik 10era; eta gero, formalizatu eginen dituzte: hilaren 11tik 17ra kontaktatuko dute proposatutako pertsonekin. Ostean, behin hautagaitzak zehaztuta, 18tik 23ra, bozkaketaren bidez aukeratuko dituzte Nafarroako Kontseiluko 29 kideetako 25, gainontzeko laurak Sorturen birfundazio prozesuan aukeratu zituzten-eta -Miren Zabaleta, Bittor Rudio, Aritz Romeo eta Aitziber Campion-. Nafarroako zuzendarirtza berria Martxoaren 25ean izendatuko dute, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Zuzendaritza aukeratzeko prozesua azaltzeaz gaindi, egungo egoeraren irakurketa egin dute Sortuko Nafarroako Koordinatzaile politiko Miren Zabaletak eta Ekintza politikoko arduradun Bittor Rubiok. Zabaletak argi markatu du zein den Sorturen xedea: "Nafarroan, ezkerreko alternatiba soberanista trinkotzea", hain justu.
EH Bilduren aldeko apustua berretsi du Sortuk, era berean, bere burua "alderdi-mugimendu" izendatzearekin bat.
Birfundazio kongresua izan dute gogoan, eta bertan Sorturen aurrera begirako ildoak markatu dituztela esan du Zabaletak. Hiru dira, hain zuzen ere: "ezkerretik lan egitea alternatiba nazionala eta soziala sortzeko, krisiaren eraginei aurre eginez; Euskal Herriko prozesu soberanista garatzeko baldintza egokiak sortzea; eta Euskal Herriok gatazka armatuaren behin betiko itxierarako urrats irmoak ematea".
Aldaketari begira
Nafarroako aldaketari begira ere jarri da Sortu eta posible egin zuten bi faktoreak hartu ditu gogoan Zabaletak: "mobilizazioa eta indar ezberdinen arteko elkarlana".