Urak harrotu ditu Aralarko Aingeruaren bisitak Nafarroako Parlamentuan. Erlijioarekin zerikusia duten ekitaldiak legebiltzarrean ez egiteko eskaera aurkeztu diote Ahal Duguk eta Ezkerrak eledunen mahaiari, eta Bilduk eta PSNk babestu egin duten arren, ez du biderik egin: UPN, Geroa Bai eta PP aingeruaren bisitaren alde azaldu dira.
Koldo Martinez Geroa Baiko kideak azpimarratu du parlamentuak "denen etxea" behar duela, ekitaldia "Nafarroako aberastasunaren parte" ere badela eta bisita "galaraztearen" kontra dagoela. Oroitarazi du, halaber, iaz meza ezabatu zutela eta diru laguntza kendu ziotela."Jarraitu beharreko tradizioa" dela esan du UPNko Carlos Adanerok eta inori "kalterik" ez diola egiten.
Instituzioak eta erlijioa, nahastuta
Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak esan dute instituzio publikoen lana eta erlijioa bereiztu behar direla. Bakartxo Ruizek (EH Bildu) oroitarazi du aingeruak euskal kulturarekin "lotura" izan baduela eta herritar batzuentzat esanahia daukala erlijioaz gaindi, baina, dena dela, hori ez dela parlamentuan jasotzeko nahikoa arrazoi.