Emakumearen Udal Kontseiluak eduki du aurten abiaraziko den Iruñeko III. Berdintasun Planaren jardute-ildoen berri. Esaterako, hainbat kanpaina eginen dira, emakumeen egoera sozioekonomikoa ikusgai egiteko; halaber, proiektuak bultzatuko dira, hezkidetza eta emakumeen zein gizonezkoen arteko benetako berdintasuna sustatzeko, edo jarduketa batzuk abiatuko dira, eraso sexistei aurrea hartzeko eta, gertatuz gero, arta emateko, besteak beste. Plana Iruñeko Udalbatzak onetsi zuen 2016ko apirilaren 7an egindako osoko bilkuran, eta emakumeen elkarteek, Udaleko teknikariek eta alorretako arduradunek parte hartu zuten iaz egin ziren ekintza zehatzen antolatze-lanetan.
Emakumearen Udal Kontseilua Udalaren organo aholku-emailea da, eta aholkularitza-, informazio- eta kontrol-zereginak ditu eginkizun, emakumeei zuzenduta udalek gauzatzen dituzten politiken kudeaketan. Laura Berro Berdintasuneko zinegotzi berezia da kontseiluburua. Kontseiluan, zenbait elkarte eta entitateren ordezkariak ari dira, hala nola AMEDNA, ANDREA, CC.OO., Alaiz kolektiboa, COMFIN, STEILAS, UGT eta Urbanas kolektiboarenak, bai eta Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua eta Udal-alderdi politikoen ordezkariak eta Udaleko teknikariak ere. Atzo egindako saioan erabaki zen emakumeen elkarteek Kontseiluan bete gabe duten tokia Etxeko langileen elkarteak bete dezala.
Gai-zerrendaren beste puntu batean, pertsona bat hautatu zen, Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketaren epaimahaian jardun dezan, eta beste puntu batean, Berdintasun Taldeak Sanferminetako Liburu Zurian Herritarrak eta aniztasuna jardute-ildoaren barruan egindako lanaren berri eman zen. Berdintasun Taldeak egindako bileretan, 2016an sanferminetako mahaietara aurkeztutako proposamenak aztertu dira, eta 53 ekarpen egin dira. Proposamenetan, festaren inguruko ikuspuntu estrategikoa hartu da kontuan, gertakari-jarraibideak eta ebaluazio-adierazleak barne.
Jarduketa zehatzak, Planaren helburu estrategikoetarako
Planak lau helburu estrategiko ezarri ditu: ‘Gobernantza eta konpromisoa berdintasunarekin’, ‘Emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa’, ‘Zainketa-lanen eta erantzukidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako’, eta ‘Emakumeen aurkako biolentziarik gabeko bizitza hiri seguru batean’.
‘Gobernantza eta konpromisoa berdintasunarekin’ atalean, aurten lehenbiziko aldiz arituko da osorik berdintasun-teknikarien lantaldea. Halaber, mekanismoak ezarriko dira, esku hartzerako estrategiak diseinatze aldera, prestakuntza-premiak identifikatuko dira, trukerako sareak sustatuko dira eta genero-ikuspuntua zein genero-eraginaren gaineko txostenak txertatuko dira plan, programa eta proiektuetan.
‘Emakumeen ahalduntzea eta balio-aldaketa’ besteak beste, honako jarduketa hauen bidez sustatuko da: emakumeen egoera sozioekonomikoa ikusgai jartzeko sentsibilizazio-kanpainak, elkarte eta kolektibo feministen partaidetza, baita festa-gunei dagokienean ere, emakumeen presentzia kale-izendegian eta udal-ondarean edo Compañía zentroaren jarduna eta komunikabideekin egindako lana.
‘Zainketa-lanen eta erantzukidetasunaren aitortza, bizitzaren sostengarritasunerako gako’ atalean, zaintza-lanetarako Iruñean dauden baliabideen mapa eginen da eta geure eginen ditugu genero-estereotipoekin hautsi egiten duten hiri-eredu berriak.
‘Emakumeen aurkako biolentziarik gabeko bizitza hiri seguru batean’ izeneko atalean hainbat jarduketa eginen dira 2017an, honako hauek aztertzeko: hirian diren indarkeria mota ezberdinak, berdintasunik eza indarkeriaren iturri eta jarraipenaren zio gisara eta haren isla hiriko bizitzan, tokiko protokoloa, eraso sexistei politikoki eta herritarrak garen heinean erantzuteko, eraso sexisten kontrako prebentzio- eta arta-jarduketak, bermeak ematea prostituzioan ari diren emakumeak zehapenetatik libre egon daitezen eta behar besteko baliabideak eskuragarri izan ditzaten, eta erabilgarri dauden baliabide guztiak koordinatzea indarkeria mota guztietan biktimek arta jasoko dutela bermatzeko.