Kolore biziak ospitalean egon beharreko egunei aurre egiteko

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 27a, 08:18

Erabilera anitzeko espazio bat egokitu dute hiru urtez azpiko haurrentzako ludoteka batekin eta gurasoentzako gela batekin, eta dutxa berriak egin dituzte.

Nafarroako Ospitaleguneak ama-umeentzako eraikineko laugarren solairuko ospitaleratze-eremua eraberritu du; 2.600 adingabe baino gehiago ospitaleratzen dituzte urtero solairu horretan. Lau hilabete behar izan dituzte lanak egiteko eta, horiei esker, nabarmen hobetu dira solairuko ospitaleratze-baldintzak eta profesionalentzako lan-espazioa.

Gaur goizean bisitatu dute eremu berritua Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariak eta Fernando Dominguez Osasun kontseilariak, Osasunbideako Oscar Moracho eta Nafarroako Ospitaleguneko Antonio Merino zuzendari kudeatzaileekin batera; haiekin izan da NOko zuzendaritza-taldea ere. "Espazioa" irudikatzen duen dekorazioa du orain solairu horrek: planetek, espazio-ontziek eta estralurtarrek ematen diete ongi-etorria haurrei sarrerako hall-ean. Sabaiko eta ateetako marrazkiekin, espazio hori atsegingarriago bihurtu nahi izan dute, era horretan haurren ilusioa eta irudimena pizteko.

Erabilera anitzeko eremu berria, ludoketarekin eta gurasoentzako office batekin

Iazko urrian hasi zituzten Nafarroako Ospitaleguneko Pediatriako ospitaleratze-eremua hobetzeko lanak. 314 metro koadrotan egin dira lanak; dutxen eremua egokitu dute, erabat egokitutako kabina batekin, dimentsio bereziak dituen kabinarekin eta dutxa eta bainera hartzen dituen eremu batekin. Lehen tamaina txikiko dutxa bat bakarrik zegoen solairu osoan, pazienteentzako zein senitartekoentzako. Halaber, komun bat ere jarri dute, familiakoentzako erabat egokitutakoa; horrela, ez dute ospitaleko beste solairu batzuetaraino joan beharrik izango. Beste hobekuntza nabarmen bat da erdi-isolamenduko logela indibidual bat egokitu dutela.

0 eta 3 urte bitarteko haurrek, ospitaleratuta dauden bitartean, jolasteko eta bisitatzen dituztenekin partekatzeko espazio "atsegin" bat izan dezaten, erabilera anitzeko eremu bat sortu da ludoteka eta guzti. Horrela, ospitaleko egonaldia atsegingarriagoa izan dadin lortu nahi da. Gela berean, office bat ere egokitu dute, gurasoek jatorduetarako espazio bat izan dezaten; orain arte ez zegoen horrelakorik. Ikasgelari dagokionez, argiterian, hormetan eta zoruan egin dira hobekuntzak.

Jarduketa horiek bat datoz 1986an Europako Parlamentuan onartutako "Ospitaleratutako Haurren Europar Gutunarekin" (A2-25/86 Ebazpena, maiatzaren 13koa). Gutun horren artikuluetako batek ezartzen du haurrek eskubidea dutela zainketa, hezkuntza eta jolas arloko beharrak aseko dituzten altzaridun eta ondo ekipatutako lokalak izateko.

Hobekuntzak profesionalen lan-eremuan

Profesionalei dagokienez, solairuko kontrol-eremua egokitu da; zaintzailearen eta jendearen arretarako eremuak jarri dira, administrazio-lanetarako espazioa, farmazia, botikak prestatzeko eremua eta jatorduak prestatzeko eremua.

Beste hobekuntza batzuk ere egin dira, hala nola biltegia eta langileen komuna egokitu dira, eta birkokatu egin dituzte garbiketa-zerbitzua, idazkaritza eta zerbitzuko gainbegiralearen bulegoa.

Lanak egin dituzten bitartean, beharrezkoa izan da lan-sistema eta adingabeekiko eta haien familiekiko arreta berrantolatzea; horretarako, funtsezkoa izan da profesionalen kolaborazioa.

233.526,33 euroko inbertsioa egin da hobekuntza-lanetan; eta beste 42.491,67 euro bideratu dira ekipamendu orokorrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!