Europar Batasunaren migrazio politikak salatzeko mobilizazioak eginen dituzte igandean

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 24a, 08:25

Europa gortorlekuari ez, harrera orain lelopean aterako dira Nafarroako Harrera Hiriek deituta, Iruñeko geltoki zaharretik, 12:00etan.

Europa gortorlekuari ez, harrera orain. Goiburu hori izanen du igandean Nafarroako Harrera Hiriek eta HELP-NAk deituriko protestak. Igandean aterako da autobus geltoki zaharretik, 12:00etan. 

Autobus geltoki zaharretik irten eta Iruñea zeharkatuko du manifestazioak, Merindadeetako Plazatik pasatu eta Askatasunaren Plazan amaitzeko.

Ibilbidean hainbat performance eginen dituzte, "bidean diren eta haien jatorriko herrialdeetatik hainbat arrazoirengatik mugitzen diren pertsonen bidegabeko errealitatea islatzeko".

Finkatutako konpromisoak bete gabe

"Desplazatuta dauden pertsonek ihesaldiari, jazarpenari, heriotzari eta oro har ziurrak ez diren bideei eta harrerari aurre egin behar diete. Errealitate hori erakutsi nahi dugu Europar Batasunaren migrazio politika zorigaiztokoa salatzeko. Politika horren ondorio dira iaz Mediterraneoan 5.000 pertsona baino gehiagoren heriotzak eta Europa Gotorlekuak eraikitako harresiek zein hesiek blokeatzen dituzten milaka pertsonen bizi baldintza ankerrak ere", esan dute.

Europa eta Espainiar Estatua harrera egiteko finkatu zituzten "gutxieneko konpromisoak" betetzen ari ez direla salatu dute: "Europan, 160.000 pertsonari harrera egiteko konpromisoa hartu eta 11.966 besterik ez dira birkokatu. Espainiar estatuan, 17.228 pertsonatik, 980".

Europako "migrazio politika lotsagarriak" salatu eta harrera "orain" egin dadin eskatzeko gauzatuko dute mobilizazioa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!