Pentsioak ez ukitzea. Hori da 2013an jaiotako Pentsioen Erreferendumaren Aldeko Estatuko Mahaiaren xedea; konstituzioan jubilazio pentsioak bermatzea nahi du. Haren proposamena aintzat hartu du Nafarroako Parlamentuak. Orain babes horri forma eman beharko dio legebiltzarrak, adierazpen edota lege proposamen baten bidez.
Konstituzioak 50. artikuluan "blindatzen" ditu pentsioak, baina, plataformaren arabera, hori "ez da nahikoa", eta PSOEk eta PPk 2011n beste ezeren gainetik zorraren ordainketa lehenetsi zutela gogoratuta, pentsioen ordainketa "derrigorrezko eginbeharra" izatea defendatu du.
Babes zabala
Espainiako estatuan, 170 antolakunderen babesa jaso du ekimenak eta 16 milioi biztanle barnebiltzen dituzten 61 udalena. Horrez gainera, azken hiru urteetan, 700.000 sinadura bildu dituzte.