Polemika piztu duela gai honek, hasiera batean esan zuelako Nafarroako Gobernuak ez zegoela dirurik halakorik egiteko, bada, gaur bertan Miguel Laparra presidenteordeak ziurtatu du lehenbizi pentsiorik txikienei igoko zailea %8, eta 2017ko urtarriletik izanen da hori, eta hala, haien zerga kenkaria kopuru horretan handituta. Horrela, alargunen pentsioei ezarriko zaie Espainiako Gobernuak gutxieneko soldatari ezarritako %8ko igoera. Praktikan, horrek dakar alargunek gutxienez 707 euro jasoko dituztela hilean (hamalau ordainketetan).
Honenbestez, Nafarroako Parlamentuaren eskaria bete eta 22.000 pentsiodunen hilabeteko sariak bere diruarekin osatuko ditu.
9.490 alargunek jasoko dute osagarria, eta horietako %98 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ahalegin handia eginen duela azaldu du Laparrak, hiru aldiz handituko delako iaz sail horretara bideratutako dirua: 3,2 milioi 2016an, eta 10 milioi 2017an.
Alargunen pentsioak ez ezik, erretiro pentsio apalenak jasotzen dituztenen sariak ere osatuko ditu Nafarroako Gobernuak. 2017. urteko gutxieneko soldatara parekatuko ditu, baina hiru urte hartuko ditu horretarako. Aurten %2 igoko ditu (668,3 eurotara iritsiko dira), eta beste %3 hurrengo bi urteetan. Talde horretan emakumeak %56 dira, eta %44 dira gizonezkoak.