Baliabide propioen bidez finantzatzen dela esan du CCOO-ek

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 14a

Argazkia: CCOO Raul Villar eta Ricardo Gimeno.

UGTko eta CCOOeko buruek UPNren gobernuarekin lortutako hitzarmenetatik zuzenean kobratu zutela zabaldu dute hedabideek, baita urtero bi milioi euro jasotzen zituztela ere, ehunka langileren soldata pagatzeko.

Lan “zorrotza eta eraginkorra” garatu duela ziurtatu du CCOO sindikatuak, eta, gezurtatu, azken aldian prentsan ateratako informazioa. Zabaldutako datuen arabera, UGTko eta CCOOeko buruek  zuzenean kobratu zuten UPNren gobernuarekin lortutako hitzarmenetatik. Halaber, bi milioi euro jasotzen zituen sindikatu bakoitzak, urtero, ehunka langileren soldata pagatzeko. CCOOen bertsioaren arabera, baina, hori ez da egia eta “alarma” soziala piztea du xedea, hau da, "eskandalua" hauspotzea, sindikatua legez kanpoko finantzaketarekin lotuta.

"Baliabide propioak" erabiltzen ditu CCOOek sindikatuaren ekinbide sindikala sostengatzeko, Villar idazkari nagusiaren hitzetan, bazkideen ekarpena.

Publikorik ez dagoenez

CCOOek garatzen dituen programek Nafarroari "mesede" egiten diotela adierazi du, eta urtero CCOOek antolatutako askotariko ekinbideetan 47.850 lagunek parte hartzen dutela. Datua ulertzeko, baina, aintzat izan behar da bestelako eskaintzarik ez dagoela. Ez da eskaintza publikorik existitzen.

Beste sindikatuek zerbitzua publifikatu dezala eskatu diote behin baino gehiagotan gobernuari, nolanahi ere, CCOOen iritziz, aldaketa hori emateko "ebaluazioak eta balorazioak" egin beharko lituzke. Berez, CCOO sindikatuak ikastaroak sare publikotik egitearen alde dagoela ziurtatu du, baina, hala ez denez, "zerbitzu soziala" eskaintzen diola gizarteari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!