Aurten Gobernuak eremu ez euskaldunean sare publikoan D ereduan matrikula egin nahi duten familiei ziurtasun juridikoa bermatu egin nahi izan die eta horretarako D ereduko aukeraz gain, eskabide berean beste bat hautatzeko bidea eman die plazarik gabe geldi ez daitezen euskarazko talderik eratu ezean.
Horren aurrean UPNk Nafarroako Kontseiluari txosten bat egiteko eskatu zion eta gaur ezagutu da haren irizpena. Horren arabera honek arau hierarkiaren printzipioa urratzen du, zuzendari batek hartutako erabakia ezin delako jarri foru agindu edo foru lege baten gainetik. Lege horietan bilduta ez dagoena zuzendari batek ezin du arau baten bidez ezarri, maila apalagokoa delako.
Honen aurrean Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak esan du akats tekniko bat izan dela eta ez dela oztopoa izanen. Aholku irizpen hori ez dela loteslea eta ez duela prozesua inbalidatzen azaldu du Mendozak.
"Gobernuak prozesuetan egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko betebeharra du eta horrela egiten jarraituko du", esan du kontseilariak; bere ustez, "Union del Pueblo Navarro alderdiak erantzukizun falta larriz jokatzen du, segurtasun falta eragin nahi baitu Gobernu hau iritsi arte Foru Komunitateko bi hizkuntzatan ikasteko eskubidea ukatu zitzaien familien artean".