Eskola publikoaren aldeko kanpaina eginen du Ezkerrak

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 7a

Argazkia: Joseba Ezeolaza, Marisa de Simon eta Jose Miguel Nuin, Ezkerrako kideak.

Gobernuak "D ereduaren aldeko kanpaina" egin duela kritikatu du, haren aburuz eredu publikoa bultzatu behar baita, "euskara lehenetsi gabe".

"Eskola publikoa da aukeratu daitekeen onena". Hala adierazi du Marisa de Simon parlamentariak, Ezkerra alderdiak publikotasunaren alde abiatutako kanpaina aurkezterakoan. Inizitatibak aurkeztuko ditu Iruñeko Udalean zein Nafarroako Parlamentuan, pribatuaren aurrean, publikoa lehenetsi dadin.

"Guztoina, irisgarria, orotarikoa, bidezkoa, hezkidetzailea, berritzailea, demokratikoa, laikoa, barneratzailea eta globala". Hamar ezaugarri horiek zerrendatu ditu Ezkerrak, herritarrek seme alabak eskola publikoan matrikula ditzaten aldarrikatzeko. 

Gobernuak ez du D eredua lehenetsi behar

"Nafarroako Hezkuntza Sailak D ereduaren alde egindako kanpaina" kritikatu du Ezkerra alderdiak, izan ere, "eredu publikoa da bultzatu behar dena, euskara lehenetsi gabe". Kontua da euskarazko matrikulazioaren aldeko kanpainarik ez duela egin Hezkuntza Sailak, Euskarabideak baizik.

Erriberan, D ereduari buruzko informazioa emateari ongi deritzo Ezkerrak, baina kanpaina orokorraren ildoa "publikotasunak" izan behar du. "Gure apostua eta Hezkuntzari eskatzen dioguna da zentro publikoetan eskolaratzea bultzatzeko, familiek erabakitako eredu linguistikoa edozein dela ere", esan du Marisa de Simonek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!