Enplegu Plana negoziatzeko Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren akordioa babestu du parlamentuak

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 6a

Argazkia: Mahaia eta Eledunen Batzarreko kideak.

PSNk aurkeztu du Elkarrizketa Sozialertako Kontseilua babesteko adierazpena eta testuak UPNren, PPren, Geroa Bairen eta Ezkerraren babesa jaso du; EH Bilduk eta Ahal Duguk organo horren egokitasuna zalantzan jarri dute.

Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak Enplegu Plana negoziatu behar ote duen da mahai gainean jarritako gaia. Eta urak ez daude bare; Nafarroako Enpresarien Elkartea, CCOO eta UGT daude bertan, baina ELAk eta LABek uko egin diote parte hartzeari, zilegitasuna daukan erakundea ez dela sinetsirik.

Gaur, parlamentuan, adierazpena aurkeztu du PSNk, enplegu planaren eztabaida saioari sostengua adierazteko. Deklarazioa ezetsi dute EH Bilduk eta Ahal Duguk; gainontzekoek, ordea, babestu egin dituzte puntu gehienak, eta, azkenean, aurrera atera da.

Koldo Martinezek, Geroa Baiko parlamentariak, aldeko jarrera azaldu du, eta, haren aburuz, hura da erabakiak hartzeko gunea. Gauzak "orain bi urte bezala" daudela esatea "toleraezina" da, Martinezen irudiko, "aurrerapausoak" eman baitira: orain artean, Nafarroako Enpresarien Elkarteak, UGTk eta CCOOk "diru mordoa" jaso badute ere, diru laguntzak moldatu egin dituzte eta aurrerantzean ez da horrela izanen, Martinezek esan duenez. Kontseiluan erabakitakoak lotesleak izanen direla esan du, halaber.

Agian ez da organo egokia 

EH Bilduko Adolfo Araiz adierazi du "elkarrizketa sozialak" tresna izan behar duela, baina, agian egun eratuta dagoen kontseilua ez dela "egokiena". UPNren gobernu garaietan, bertan "bake soziala" erosi zela iradoki du Bilduko parlamentariak. EH Bilduk Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua bertan behera gera dadin Lege Proposamena aurkez dezakeela aipatu du Araizek, asmoa zertan den zehaztu ez badu ere. 

Bide beretik jo du Ahal Duguko kide Laura Perezek esanez kontseilua beraren izaera dela zalantzan jarri beharrekoa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!