Lau ataletan banatu du Nafarroako Hezkuntza sailak Transexualitate Kasuetarako Hezkuntzako Protokoloa: lehenengoa, transexulitate egoeraren identifikazioa; bigarrena, hezkuntza zentroan hartu beharreko neurriak; hirugarrena, hezkuntza komunitate guztia hezteko osoko plana; eta laugarrenik, eta azkenik, sor daitezkeen bazterketa eta 'bullyng' kasuei aurre egiteko neurriak. Hala, lau ardatz horien bueltan genero identitateekiko "errespetua handitzea" du helburu.
Haur bati jaiotzerakoan ezarritako sexuak ez badu bat egiten haren genero identitatearekin jarriko dute martxan plana. Lehenego urrats hori eman aurretik, baina, bi bide daude: batetik, gurasoek transexualitate egoeraren berri ematea zentroari; bestetik, ikastetxeak berak identifikatzea eta tutoreak ohartaraztea.
Protokoloa martxan jartzerakoan, eskolako zuzendaritza taldeak informazio guztia helaraziko die irakasleei, administrazioko langileei eta gurasoei. Gelan, gainera, esku hartze pedagogikoa izanen da, baita langileentzako formakuntza ere; prebentzio neurri gisa bazterketa kasuak ekiditeko neurriak hartuko dituzte.
Izena, norberak nahi duena
Haurrak hautatutako izen horren bitartez hots eginen diote eskolan, dokumentu ofizialetan haren izena hori ez bada ere. Janzkerari dagokionez, arropa "libreki aukeratzea" errespetatu beharko dute. Azkenik, zentroan sexuaren arabera banatutako azpiegiturak egotekotan, hark sentitutako generoari dagozkionak erabiltzen ahalko ditu.
Plana sarean irakurri daiteke, gaztelaniaz.