Gizonentzat, sukaldaritza eta arropa lisatzen ikasteko ikastaroak; emakumeentzat, brikolajea eta elektrizitatea

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 1a

Nik ere egin beharra daukat lantegietan izena emateko epea zabaldu du Iruñeko Udalak.

Doako eskolak astean bitan izanen dira, ekainera bitarte, eta 010 telefonora deituta eman behar da izena, otsailaren 14a arte. 

Nik ere egin beharra daukat zereginak elkartrukatzeko doako lantegietan izena emateko epea zabalduko du Iruñeko Udalak bihar, otsailaren 1ean, asteazkenarekin. Autonomia- eta ahalduntze-ikastaroek zenbait alorretan trebatzeko eskolak eskainiko dituzte. Gizonen kasuan, kozinatzen, arropa lisatzen, garbitzen, josten eta etxeko beste zenbait zereginetan aritzen irakatsiko zaizkie. Emakumeendako prestatutako ikastaroetan brikolajea, iturgintza eta elektrizitatea jorratuko dira, zeinak gizonei esleitu ohi zaizkien ardurak baitira. Eskolak Fiteroko Monasterioaren kaleko 15.eko behean dauden prestakuntzarako udal-lokaletan izanen dira.

Izena otsailaren 14ra bitarte eman daiteke, Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren 010 telefonora deituta (948 420 100 telefonoan mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero), astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan 09:30etik 13:30era. Parte hartzeko baldintza da 18 urtetik gora izatea, bai eta aurreko ediziotan parte hartu ez izana ere. Horrez gain, lehentasuna izanen dute Iruñean erroldaturik dauden pertsonek. Eskainitako leku-kopurua baino pertsona gehiagok ematen badute izena, otsailaren 15ean eginen den zozketa informatikoaren bidez esleituko dira lekuak.

Lantegiak martxoaren 1ean hasiko dira, eta amaitu, maiatzaren 22an emakumeenak, eta ekainaren 7an gizonei zuzendurikoak. Astean bi saio izanen dira, astelehenetan edo asteazkenetan, biak 19:15etik 21:15era. Autonomia pertsonal handiagoa lortzeko gaitasunak hobetzeaz gain, honako helburu hauek dituzte lantegiek: alde batetik, hausnartzea etxeko esparruan ematen den lan-banaketa desorekatuaren inguruan eta horren ondorioz gertatzen diren desberdintasunen inguruan; eta bestetik, kontuan hartzea izan badirela aldatu daitezkeen portaerak eta har daitezkeen ardurak berdintasuna, erantzunkidetasuna eta norberaren ahalduntzea lortuko bada. Hartara, posible izanen da lanen banaketa bidezkoa egitea, lanerako eta aisialdirako denbora partekatzea, gizon edo emakume izateagatik ukatu zaizkien jarduerei berriz ere ekitea edo familiako txikien aurrean eredugarri izatea.

Ikastaro hauek Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako Iruñeko Udaleko III. Planaren barruan daude. III. Plan horrek sentsibilizazioa laguntzeko eta gizon eta emakumeen gaitasunak hobetzeko konpromisoa hartzen du bere gain, besteak beste, eta etxean familia-esparruko berezko lanen inguruan ikastea eta erantzunkidetasuna azpimarratzen dute.

Zereginak elkartrukatzeko lantegiak: Nik ere egin beharra daukat

  • Izena ematea: otsailaren 1etik 14ra bitarte, Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren 010 telefono zenbakian (948 420 100 zenbakian, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).
  • Baldintzak: adin nagusikoa izatea eta Iruñean erroldaturik egotea
  • Emakumeendako prestakuntza: iturgintza, elektrizitatea eta etxeko brikolajea
  • Gizonendako prestakuntza: sukaldaritza, arropa lisatzea, garbiketa-lanak eta joskintza
  • Datak: emakumeendako ikastaroak, martxoaren 1etik maiatzaren 22ra arte; gizonendako ikastaroak, martxoaren 1etik ekainaren 7ra bitarte
  • Eskolen ordutegia: astelehenetan edo asteazkenetan, 19:15etik 21:15era

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!