Aroztegiko Udalerriz Gaindiko Plana "segurtasun juridikoarekin" egiten ari dela esan du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2017ko otsailaren 1a

Argazkia: Aroztegiaren kontrako manifestazioa, Elizondon.

Jada egin diren esku hartzetan zein egitekoak direnetan "kaudimen finantzarioa" ere zainduko du Exekutiboak, Isabel Elizalde kontseilariak esan duenez, EH Bilduk eskatutako agerraldian.

Baztanen golf zelaia eta luxuzko etxebizitzak eraiki nahi dituen Aroztegiaren Udalerriz Gaindiko Planak "segurtasun juridikoa" betetzeaz arduratzen ari da Nafarroako Gobernua, "jada egindako esku hartzetan, baita etorkizunean egitekoak diren horietan ere"; aldi berean, diru arazorik ez egotea gainbegiratzen ari da, "aski kaudimen finantzario" badela egiaztatuta. Nafarroako Parlamentuko batzorde batean ziurtatu du hori Isabel Elizalde Ingurumen eta Tokiko Administrazioko kontseilariak, EH Bilduk haren agerraldia eskatu ostean. 

2016ko irailean, lursailen banaketari buruzko proiektua onartu zuten eta iritzi publikoari zabaldu zioten. Egun, lau alegazio aurkeztu dituzte herritarrek; urbanizazio proiektuaren kasuan, aldiz, bi dira aurkeztutakoak -horietako bat, lekuz kanpo-. Jurisdikzioaren bidetik doaz, gainera, Sustrai Erakuntzak eta Baztango Udalak jarritako helegiteak.

EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, Aroztegia ezbaian

"Etorkizunari begira interesgarria eta bailarak daukan indar ekonomikoarekiko koherentea" da Aroztegiaren egitasmoa, Geroa Bairen aburuz, hala ziurtatu du Unai Uhalde parlamentariak, eta xehetasuna ere txertatu du: "Gehiego edo gutxiago gustatu, oraingo gobernua Udalerriz Gaindiko Plana martxan zela sartu zen".

Lauko gobernuko gainontzeko taldeek bestelako bidea hartu, eta kritiko azaldu dira Aroztegiaren proiektuarekiko, "akordio programatikoan dagoen desadostasun berariazkoenetako bat" da-eta, haxe izendatu du Adolfo Araizek (EH Bildu). Hori dela medio , "promotoreei egindako oparia" dela ziurtatu du EH Bilduk, eta gobernuak "bestelako alternatibak" aztertu ez izanaz kexatu da. 

Ahal Duguko Ruben Velaskok esan du "printzipioz" haren alderdiak ez duela egitasmoa beraren xedea begi txarrez ikusten, bai, ordea, etxebizitzen tamaina, "neurriz gaindikoak baitira".

Ezkerrak hiru balore aitatu ditu: "jasandarritasuna, arrazionalitatea eta iraunkortasuna", eta "lurraldearen planifikazioa" hiru horien bueltan eraikitzearen alde agertu da. 

UPNri, PSNri eta PPri dagokienez, proiektuaren alde daude hirurak eta hala adierazi dute behin baino gehiagotan; ingurumari horretan, Guzman Garmendiak (PSN) Bilduri "garapenaren gurpilan makilak ipintzea" leporatu dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!