10.500 pertsona gutxiago langabezian Nafarroan 2016an, BAIren arabera

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 26a

Langabezia-tasa %10,01ekoa da, erkidego autonomo guztietako txikiena; Estatuan  batez bestekoa %18,63koa da.

Gaur argitaratu den Biztanleria Aktiboaren Inkestak erakusten du 7.600 pertsona gutxiago dagoela langabezian azkeneko hiruhilekoa kontuan hartzen badugu, eta 10.500 pertsona gutxiago urtebeteko epealdia kontuan hartuta; 30.800 lagun daude langabezian gaur egun Nafarroan. Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak adierazi du "erabat positiboa" dela Nafarroako langabeziaren bilakaera.

Horrela, Foru Erkidegoko langabezia-tasa %10,01ekoa da, erkidego autonomo guztietako txikiena; nazio mailako batez bestekoa %18,63koa da.

"Oso datu positiboak dira, langabezia jaitsi egin baita, okupazio-tasa eta kontratazio mugagabea handitu, eta gazte gehiago sartzen baita lan-munduan", azaldu du Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, emaitzen berri jakin ondoren.

Lana dutenen kopuruak 6.100 pertsonatan egin du gora, eta 277.300 pertsonakoa da guztira gaur egun.

Horrela, azkeneko hamabi hilabeteetan 13.000 pertsonatan hazi da landunen kopurua.

Laparra lehendakariordeak adierazi du beste datu positibo bat dela %13,4 murriztu dela etxeko kide aktibo guztiak langabezian dauden etxeen kopurua; 10.600 dira gaur egun, iazko aldi berean baino 1.600 gutxiago.

Sexuaren arabera, berriz, emakumeen langabezia-tasa erkidego autonomo guztietako txikiena da, % 0,90ekoa; horrek esan nahi du %2,86 jaitsi dela aurreko hiruhilekotik hona.

Gizonezkoei dagokienez, %9,23koa da, lurralde nazional osoko bigarren txikiena, eta aurreko hiruhilekoan baino 2,02 puntu txikiagoa.

Eskubide Sozialetako lehendakariordeak zehaztu du "zuhurrak" izan behar dugula BAIren balorazioa egiterakoan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak "40.000 langabe inguru baititu erregistratuta".

Nolanahi ere, adierazi du datuok erakusten dutela enplegu-sorkuntzaren joera positiboa dela. "Bide onetik goaz, baina ezin dugu triunfalismotan erori, krisia baino lehenagoko zifretatik urruti jarraitzen baitugu oraindik", esan du.

2016ko laugarren hiruhilekoan 308.200 lagunek osatzen zuten biztanleria aktiboa osoa, hau da, landun eta langabeen batura; aurreko hiruhilekoan baino 1.500 pertsona eta duela urtebete baino 2.400 gehiago dira horiek. Horrek esan nahi du 0,80ko aldea dagoela 2015eko laugarren hiruhilekoarekiko, eta %0,49ko jaitsiera izan duela hiru hilabetean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!