Espazio eta garraio publikoetara sartu ahal izanen dira laguntzarako txakurrak

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 24a

Arg: https://sites.google.com/site/txakurjamina/txakur-gida

Honekin batera, Foru agindu berriak txakur bat laguntzarakoa dela aitortzeko prozedura ezartzen du.

Espazio eta garraio publikoetara sartzeko aukera bermatuta izanen dute laguntzarako txakurrarekin doazen desgaitasunen bat duten pertsonek; Foru Agindu horrek, besteak beste, txakur bat laguntzarakoa dela aitortzeko prozedura zehazten du, eta erabiltzaileen erregistro publiko bat eta animalien beste bat sortuko dela ezartzen du.

Araudiaren helburua da desgaitasunak –ez ikusmen-desgaitasunak soilik– dituzten pertsonek espazio publikoetara laguntzarako txakurrekin sartzeko duten eskubidea bermatzea; Mari Carmen Maeztu Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio eta Zerbitzuetako zuzendariordeak azaldu duenez, batzuetan ukatu egiten zaie leku eta garraio publikoetara sartzea eta "hori muga bat da pertsona horiek gizarteratzeko eta benetan gizartean parte har dezaten".

Gaur egunera arte, jarraitu du Maeztuk, "lokalaren jabearen esku zegoen sartzen uzteko edo ez uzteko erabakia. Orain sartzen uzteko legezko betebeharra dago, eta horrek, praktikan, legez aitortutako eskubide bat bermatzen du".

Horrela, eskubide hori modu eragingarrian arautzen duen hirugarren autonomia erkidegoa da Nafarroa, Madril eta Valentziaren ondoren.

Autonomia pertsonalerako laguntza

Laguntzarako txakurren erabilera handitzen joan da azkeneko urteotan, ez ikusmen-desgaitasunak dituzten pertsonen artean bakarrik, baizik eta baita beste era bateko desgaitasun fisiko, adimen-desgaitasun edo zentzumen-desgaitasunak dituztenen artean ere, animali horiek laguntza garrantzitsua baitira haien autonomia pertsonala eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Nafarroan autismoa, diabetesa, epilepsia edo aitortutako beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonek ere erabiltzen dituzte animaliok.

Aurretik ikusmen-urritasuna duten pertsonekin doazen laguntzarako gida-txakurren erabilera bakarrik zegoen araututa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!