Interesik gabeko 12.000 euro arteko maileguak higiezinak egokitzeko, jabekideen erkidegoko gastuen zati bat ordaintzea eta energia-eraginkortasunaren ziurtagiria ordaintzea dira alokairurako etxebizitza-poltsaren 2017rako berritasun nagusiak; Poltsa hori Nafarroako Gobernuak sustatzen du NASUVINSA sozietate publikoaren bitartez.
Halaxe azaldu du gaur Foru Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde eta NASUVINSA sozietate publikoko presidente Miguel Laparra jaunak, Tutera programa horretan sartzeko hiri horretako Udaleko alkate Eneko Larrarterekin hitzarmena sinatu ondoren.
Tutera alokairu-poltsan sartzeko akordioaren helburua da Nafarroako Gobernuak eta Tuterako Udalak lankidetzan jardutea udalerri horretan hutsik dauden etxebizitzak antzemateko eta mugiarazteko, etxebizitza horiek modu eraginkorrean okupatu eta egon daitezkeen etxebizitza-eskatzaileen esku jar daitezen.
Beste neurri batzuen artean, etxebizitzaren bulego bakarra sortzea jasotzen da, etxebizitza babestuen bizigarritasunarekin, birgaitzeekin eta errentamenduarekin lotutako kudeaketak zentralizatzeko helburuz.
Adierazi bezala, hitzarmenaren sinatze-ekitaldian, Laparra lehendakariordeak iragarri du hainbat berritasun dakartzala Alokairu-poltsaren programak 2017. urte honetarako, erakargarriagoa izan dadin beren etxebizitza errentan eman nahi duten etxejabeentzako.
Lehenengo berritasuna da poltsako etxebizitzen jabekideen erkidegoko gastuak NASUVINSA sozietateak hartuko dituela bere gain, hileko 50 euroko mugarekin.