Hiriko nekazaritza-zaleek hitzordu bat izango dute hilabete bakoitzeko azken astean Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Izan ere, udal zerbitzu horrek hazi ekologikoak edo tokiko barietateen haziak trukatzeko gune bat zabalduko du. Ekimenaren xedea da landatzeko-gune txikiak dituztenei laguntzea –bai terrazetan landatzen dutelako, bai aisia-baratze txikiak kudeatzen dituztelako, gero eta gehiago baitira–, hazi mota horiek ezagutu eta eskura izan ditzaten. Erein eta landatzen denaren dibertsitatea areagotzea da asmoa, eta tokiko barietateen garrantzia azpimarratzea. Lehenengo azoka urtarrilaren 23an hasiko da, astelehenarekin, eta urtarrilaren 27ra arte iraungo du, ostiralarekin, 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Ortuzain txikiak bertaratu eta norbere haziak beste nekazari batzuenekin trukatzea bilatzen da. Horretarako, hilabeteko lehen asteetan zehar, museoko teknikariek hainbat erakundek emandako haziak jaso eta edukiontzi egokietan gordeko dituzte, behar bezala etiketatuta, identifikatze aldera.
Interesdunek astean zehar eraman ditzakete haziak bertara eta han daudenekin trukatu, eta trukerik egin nahi ezean, dohaintzan eman ahal izango dituzte trukaketa gune hori hornituko duen hazi-funtsean. Halaber, museoko teknikariek hazien kontabilitatea egingo dute. Erregistro-orri batean trukaketa gunean sartu eta ateratzen den materiala jasoko dute, baita trukea noiz egiten den eta haziaren trazabilitatea ere.
Nahi dutenen esku informazio-orriak egongo dira trukaketa gunearen helburuekin, parte hartzeko moduekin eta prozesuaren arauekin; halaber, prozesua gauzatzeko beharrezkoa den materiala eskura izango dute, hala nola edukiontziak, estalkiak, etab.
Etenik gabeko lan-ildoa
Ingurumen Hezkuntzako Museoak aurrera egin nahi du nekazaritza ekologikoaren lan-ildoan, interesa dutenen arteko harremanak dinamizatzeko asmoarekin. Hala, materialak eta esperientziak trukatzeko erreferentziazko foro bihurtu nahi du. 2012az geroztik nekazaritzari buruzko hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak eta lantegiak antolatu ditu modu egonkorrean Jasangarritasunaren Gelan.
Bost urte hauetan bisita teknikoak eta askotariko edukiak landu ditu: konpostajea, nekazaritza biodinamikoa, laborantza-egutegiak, lurzoruaren prestaketa, permakultura, erabilera teknikak, ziurtagiriak, nekazaritza bertikala... Era berean, Ingurumen Hezkuntzako Museoak Nafarroako Aste Ekologikoaren hainbat ediziotan parte hartu du.
Nekazaritza ekologikoak ingurumena errespetatzen duten teknikak erabiltzea dakar berekin, eta laboreen hazkuntza eta emankortasuna baldintzatzen duten faktoreak kontrolatzea, landareen nutrizioa eta tokiko baldintzei egokitutako barietateak erabiltzea, besteak beste. Gainera, berotegi-efektua eragiten duten gas-isurien erdiak garraioarekin lotuta daude, sarritan hiri handietako biztanleek behar dituzten elikagai kopuru handiak garraiatzeko isuritako gasekin, alegia. Arazo horrek eta “elikadura subiranotasuna” kontzeptuak –zeinak aldarrikatzen duen, besteak beste, eroslea bizi den tokitik gertu ekoiztutako produktuak kontsumitzea– eragingo dute autokontsumorako laboreek gero eta ezarpen handiagoa izatea.