Korralito forala

Korralito forala: Felix Huarte, Midas forala

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 18a, 11:29

Ivan Gimenezen Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dugu Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz. Aste honetan, Felix Huarte enpresa gizonaz aritu zaigu.

Honatx Ivan Gimenezek aste honetan ibili duen gidoia:

Félix Huarte, Midas forala. Frankista bihurtutako errepublikazalea (negozioak negozioak dira)

«Félix jauna, Nafarroako patuaren gidaria izaten jarraitzeko beharrean zaude. Espiritualki, Jaungoikoak eskatzen dizu, eta arlo mundutarrean, Nafarroa osoak» (apaiz nafar batek Félix Huarteri bidalitako gutuna, 1967an).

1. OHL siglen erdian dagoen H da gaur egun Huarte enpresatik geratzen den bakarra, 1996an gertaturiko hondamendi erraldoiaren aztarna (ordura arte Espainiako handiena). Roldánen izen-mailegaria (Jorge Esparza) Huarte enpresako zuzendaria zen, eta Urralburu eta Aragón sozialistei ordaindutako komisioak epaitzeko saio batean, salatuek hildako batzuei leporatu zieten guztia, eta, gutxi balitz bezala, mamu bat asmatu ere egin zuten, Julio Agrasot izenekoa... Tamalez, epaileak trikimailua antzeman zuen.

2. Félix Huartek lotsa sentituko luke. Iruñeko kale Berriko etxe xume batean jaioa, 1927an Nafarroako historiako enpresa-talderik garrantzitsuena sortu zuen. Orduan, Nafarroa nekazarien eta kazikeen lurra zen, baina 50eko eta 60ko hamarkadetan industrien uholde bat etorri zen, betiko iraun ez arren: 80ko eta 90eko hamarkadetan, ekintzaile haien seme-alabek multinazionalei eta putre-funtsei den-dena saldu zieten... Zuzendari lanpostuak eurentzat erreserbatuta, noski.

3. Nafarron iruditeria kolektiboan, Diputazioak 1964an abiarazitako Plangintza Industriala erabakigarria izan zen garapen modernoa sortzeko. Horren atzean Huarte eta Urmeneta zeuden, mitologia navarristaren self made men biak, hain zuzen ere. Mende erdi geroago, Barcinaren aroaren azken hatsean, erregimenak Nafarroako Urrezko Domina bana oparitu zien, frankismoak gauza onak ere ekarri zizkigula aldarrikatzeko, nolabait.

4. Egia historikoa oso bestelakoa da. 1964 baino lehen lanpostu kopuru bertsua sortu zen, jadanik, inolako plangintzarik gabe. Ordurako, garapen industriala etortzen ari zen, eta Diputazioa haren bidera irten zen, besterik gabe, betiko jauntxoen mesedetan: 13 enpresak eraman zuen laguntza ofizialaren % 77 (Authi –gaurko VW–, Lesakako Laminazioak, Sarrió, Luzuriaga, Perfil en Frío eta abar). Horietako asko, Huarte taldekoak... Eta Huarte zen Diputazioko burua, dirua banatzen zuena.

5. Zer zeukan Nafarroak inbertsioak erakartzeko? Alde batetik, bere Ogasuna: 1955ean, Nafarroako presio fiskala % 5,5 zen, eta Espainiakoa, aldiz, % 12,6. Gogoratu beharra dago frankismopean Araba eta Nafarroa zirela zerga-autonomia zeukaten bakarrak. Eta beste aldetik, arazoren bat edo beste sortzen baldin bazen, beti zegoen Franco bera burokraziaren korapiloak askatzeko eta beste probintzien inbidiak uxatzeko: «Nafarroa utz ezazue bakean».

6. 1936ko kolpeak han-hemenka harrapatu zuen Félix Huarte, hanka bat Iruñean (Imenasa) eta beste bat Madrilen (Nuevos Ministerios eraikitzen, bere familia errepublikazaleari –Mariano Ansó politikariari– esker lortutako proiektua). Francoren armada Imenasan ekoiztutako kamioi militarrez hornitu zuen, Madrilgo negozioari eusten saiatzen ari zen bitartean, baina ezin. Badaezpada, 1939an gutun bat bidali zion Francori bere «atxikimendu osoa» adierazteko. Horren truke, Huartek Madrilgo Eroritakoen Harana eraikitzeko enkargua jaso zuen.

7. 1971n, Huartek zazpi urte zeraman Diputazioan eta bere industria-taldeak 17.000 langile zeuzkan (Torfinasa, Imenasa, Papelera Navarra, Inasa, Girling...). Profil apolitikoa oparitu nahi badiote ere, Huarte frankista sutsua zen («Ez Falangekoa, ez eta karlista ere; Mugimenduko gizona zen, besterik gabe», García Granero notarioaren ustez). Huarteren beraren hitzetan: «Gure buruzagiak bizirik dirauen bitartean, hemen ez da ezer gertatuko». Eta lasai-lasai hil zen 1971n, pragmatismoaren eredu bezala.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!