Sakabanatutako sakandar presoak gerturatzeko eskatu dute Sakanako udal ordezkariek

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 11

Argazkia: Sakanako udal ordezkariak dispertsioaren kontrako mozia aurkezteko unean. / @SaioaAlkaiza

Sakabanaketa "oinarrizko eskubideen urraketa ez ezik", presoen senide eta lagunentzat "gehitutako zigor krudela" dela esan dute Sakanako udal ordezkariek, eta, horregatik, Sakanako presoak gerturatzeko eskatu dute.

Akordio bat onartu dute Sakanako osoko bilkuretan -Ziordian, Olaztin ,Altsasun, Urdiainen, Iturmendin, Bakaiku, Etxarri Aranatzen, Arbizun, Lakuntzan, Arruazun, Irañetan, Uharte Arakilen, Arakilen eta Irurtzunen-, dispertsioarekin amaitu, eta sakandar presoak gerturatu ditzaten eskatzeko.

Izan ere, sakabanaketa "oinarrizko eskubideen urraketa ez ezik", presoen senide eta lagunentzat "gehitutako zigor krudela" da. Hala ziurtatu du Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek, Sakanako udal ordezkarien izenean. 

Hala, Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare Herritarra plataformak kaleratutako #Salatzendut leloari tiraka, salaketan aritu dira Sakanako ordezkari politikoak. Presoei "bizitza pribaturao eta familia bizitzarako eskubidea" ukatzen dietela esan dute, baita sakabanaketak eragin larria duela presoen ingurukoen bizitzetan. 

Zenbakien mintzoa

Sakanako senideek astero 1.130 kilometro egin behar dituzte dispertsioa dela eta; urtean, 62.150 kilometro. Gastu ekonomikoari dagokionez, handia da kantitatea: hilero, 1.637 euro gastatzen ditu familia bakoitzak, guztira 19.653 euro dira urtean. Familia bakoitzeko. Eta ez dira kilometroak eta dirua bakarrik, arriskua ere bada: " Salatzen dugu istripu arriskua oso handia dela, sakabanaketaren politikak 25 egunetik behin istripu ba teragiten duela. Hamasei senide hil dira politika honen ondorioz". 

Horregatik, hiru helburu dauzka Sakanako osoko bilkuretan onartutako mozioak. Lehenik eta behin, "sakabanaketa salatzea". Bigarrenik, hartutako akordioa hainbat instituzioei helaraztea: Nafar Gobernuko Bakea Bizikidetza eta Biza eskubideen zuzendaritza nagusiari, Espainiako Gobernuak Iruñean duen delegaritzari, Entzutegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaitegi zentralari eta Frantziako Justizia Ministeritzari. Eta, azkenik, hirugarrenik, larunbatean Bilbon Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak euskal herrira lelopean eginen den manifestazioari babesa azaldu eta herritarrei joateko deia zabalatzea. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!