Laurak bat: Nafarroak ez dio diru gehiago eman behar Espainiari

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 9a

Aldaketaren aldeko lau indarrak bat etorri dira Mahai eta Eledunen ondoko agerraldian. Haien irudikoz, Nafarroako Gobernuak zuzen jokatu du Espainiako Gobernuari ekarpena irdaintzeko tenorean 60 milioi emanez. Oposizioak, aldiz, dio 93 gehiago eman behar zizkiola.

Gakoa hauxe da: ez dago 2015-2019 urteetarako hitzarmenik, eta beraz, airean dago Nafarroak Espainiako estatuari eman beharreko zenbatekoa zenbatekoa den.

Gobernua sustengatzen duten taldeek adierazi dute, gaurko Mahai eta Eledunen Batzarraren ostean, 60 milioi euro ordaintzea dela egin beharrekoa, alegia, bidezkoa dela estatuak eskatutako gainontzeko 93 milioi euroak ez ematea.

Behar baino gehiago ordainduta

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu du azken urteetan behar baino eta 150 milioi euro gehiago pagatu dituela foru lurraldeak, beti ere Nafarroako Ogasunaren txostenei erreferentzia eginez. Horregatik, UPNri zuzendu dio galdera: "Zergatik onartu zuen UPNk gehiago ordaintzea?". Horra Martinezen zalantza.

EH Bilduko Adolfo Araiz ere zorrotz mintzatu da gai honi buruz. Nafarroako Gobernuaren erabakiarekin bat egin, eta "ausardiaz" lan egin duela txalotu du. Era berean, "Nafarroak jada bere gain hartutako eskumen batzuengatik oraindik ere ordaintzen" ari dela esan du, hitzarmena berrikusi behar dela aldarrikatzearekin bat. Haren hitzetan, "gainordainketa" izan da orain arte pagatu dena, "murrizketak egiten ari ziren bitartean"

Laura Perez Ahal Duguko eledunak babesa adierazi dio Nafarroako Exekutiboari, eta penatuta azaldu da, urteetan UPNk behar baino gehiago ordaintzea onartu duelako.

Lauko gobernuko laugarren alderdia, Izquierda-Ezkerra. Zuhur mintzatu da Jose Miguel Nuin: Nafar Gobernuak larogeita hamairhu milioi euro ordainduko ez zituela, dei baten bidez, eta jendaurrean iragartzeko minutu batzuk baino falta ez zirela enteratu zirela esan du. Horregatik, hitzarmen ekonomikoaren eztabaida zertan den galdetu du eta aldarrikatu gaia lurraldeen arteko gatazka ez dadila bihurtu. Nolanahi ere, ados dago gutxiago ordaintzearekin. Jose Miguel Nuin

"Alde bakartasunez", oposizioaren ustez

Haginak zorroztu dituzte oposizioko alderdiek. UPNk "aldebarkatasunez" jokatzea leporatu dio Nafarroako Gobernuari. PPNk, bide beretik, ekinaldia hasi du Nafarroako Gobernuaren Kontra, eta Uxue Barkos presidenteari "bere interesak" gailendu nahi izatea egotzi dio.

PSNk epelago jokatu, eta UPNren garaiei so egin dio: hitzarmena lortzea erregionalisten ardura izan zela gogorarazi du Maria Chivitek. Gauzak horrela, orain, beharrezkoa dena "ulermena" dela ziurtatu du PSNko parlamentariak. "Negoziatu" behar duela iradoki dio gobernuari. Maria Chivite.

Mikel Aranburu Ogasun kontsailariak hitzarmen ekonomiakoaren inguruko xehetasunak eskainiko ditu asteazkenean, parlamentuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!