Begia pilotakadaz galdu zuen Zudaireren kasua zabalik mantendu du auzitegiak, Otamendik itxi nahi zuen arren

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 5a

Argazkia: Aingeru Zudaireren kasua salatzeko prentsaurreko bat, artxiboko irudi batean.

> Aingeru Zudaireren defentsaren helegitea onartu, eta, Otamendi epailearen erabakiari izkin eginda, ikertzen jarraitzea agindu du Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sailak. 

> Plaka zenbakiari esker identifikatutako agente batengan zentratuko dute hemendik aurrera azterketa. 

2012ko irailak 26 zituen Atarrabiako herritar Aingeru Zudairek pilotakada baten ondorioz begia galdu zuenean. Espainiako Polizia batek botatako pilotakada baten ondorioz, hain justu. Geroztik, gertatutakoa argitzeko lanean dabil. 

Orain arte, Otamendi epailearen esku zegoen kasua, baina hark artxibatzea agindu zuen; orduan, helegitea aurkeztu zuen defentsak, eta, orain, errekurtso hori onartu du Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sailak: ikertzen segiko du, are agente baten plaka zenbakia aintzat hartuta, haren jardunean oinarrituko dituzte ikerketa lanak. 

Bideo batean, polizia hori ikus daiteke, "tiro egiteko ekinean, salaketa jarri duenaren norabiderantz tiro eginez". Halaber, txostenak dio Zudairek begian jasotako kolpeak bat egin dezakeela "energiaz botatako objektu sendo batekin".

Piloten erabilera, zalantzan

Pilotak erabili behar ote direnetz. Eztabaida hori zabaldu dute Atarrabiako herritarrek Zudaireren kasuaren karietara, aintzat hartuta herritarrei eragin diezaieketen kaltea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!