Nafarroak Madrili 93 milioi euroak ordaintzea nahi du UPN, "gehiegi" dela uste badu ere

Euskalerria Irratia 2017ko urtarrilaren 4a

"Hitzari uko egitea" egotzi dio Jose Javier Esparzak lauko gobernuari, Espainiari "60 milioi baino ez" emateagatik azken hiruhilekoan; dena dela, aurrerantzean "gutxiago" ordaindu behar delakoan dago, eta Barkosekin bat egiteko prest azaldu da.

Urteko laugarren hiruhilekoan 60 milioi ordaindu dizkio Nafarroak Madrili. Espainiak nahi baino 93 milioi gutxiago. Baina, guztira, urte osoko ordainketak aintzat hartuta, 520 milioi euro dira estatuari emandakoak.

Lauko gobernuaren iritziz, hori ere behar baino "gehiago" da; izan ere, ez dago 2015-2019 urteetarako hitzarmenik eta, beraz, airean dago ordainketak zenbatekoa izan behar duen. Ez dago finkatuta.

Gaur, Nafarroako Gobernuaren erabakia kritikatu du UPNko Jose Javier Esparzak. Espainiari "hitzartutako guztia" eman beharko liokeelakoan dago, alegia, orain emandakoa baino 93 milioi euro gehiago. "Hitzari ezin zaio uko egin, hitzarmena ezin da alde batera utzi, sinesgarritasun gutxi izatea da...", esan du UPNko kideak. 

Paradoxa oinarrian

Paradoxikoa da gaia, ordea: batetik, Esparzak onartu egin du Nafarroa Espainiari behar baino gehiago ordaintzen ari dela; baina, bestetik, ordaindu behar duela dio. Zergatik? Bada, UPNren aburuz, aurrena ordaindu egin behar delako eta ostera, gehiegizko ordainketak egin izan badira, Espainiako estatuak bueltatzeko zain egon.

Lauko gobernuri leporatu dio, gainera, aurrekontuetan duen "zuloa" estaltzearren ez diola gehiago eman Espainiri. 

Espainiarantz begira

Bestalde, Espainiara begira jarri da UPNko politikaria. Hauteskundeetan koalizioa egin bazuen ere PPrekin, gaur esan du ez duela "inongo loturarik" popularrekin. Eta argi eta garbi mintzatu da: "PPk ez badu Nafarroa ongi tratatzen", UPNk ez ditu haren aurrekontuak babestuko Espainian.

Eta "ongi" tratatzeaz ari denean, honako gai hauetaz ari da politikari erregionalista: Nafarroako Ubidearen bigarren zatia eraikitzeaz, AHTa martxan jarri eta Espainiak zorretan dauzkan 45 milioi euroak bueltatzeaz , CENERekin hitzarmena berriz sinatzeaz eta Soria-Tutera proiektua indartzeaz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!