Begoña Uharte eta Mikel Zuloaga euskal ekintzaileak ostiralean utzi zituzten aske, Igumenitsako (Grezia) auzitegian deklaratu ondoren, bermepean eta Fiskaltzak bi delitu egotzita: “legez kanpoko migrazioa sustatzea” eta “arduragabekeria larria” egitea, errefuxiatuak garraiatzeko erabili zuten autokarabanak beharrezko segurtasun neurriak betetzen ez zituelakoan.
Uharte eta Zuloaga asteartean atxilotu zituzten, autokarabana batean zeramatzaten zortzi errefuxiatuak ferry batean sartu nahi zituztelarik, itsasoz Greziatik Italiara joateko, eta handik, errepidez, Euskal Herrira. Lehendik bideoa grabatua zuten, azalduz haiena lege bidegabeen aurkako eta giza eskubideen aldeko ekintza zela.
Bi ekintzaileok orain Atenasen daude, iheslariek okupaturiko City Plaza hotelean. Handik hitz egin du Huartek Euskalerria Irratiarekin. Elkarrizketa laburra izan da. Behin eta berriz errepikatu du, antenan zein antenatik at, protagonistak ez direla haiek baizik eta errefuxiatuak.
Zein egoeratan zaudete Mikel eta zu? Noiz itzuliko zarete Euskal Herrira?
Behin-behineko askatasunean gaude, eta bermea ordaindutakoan itzul gaitezke. Uste genuen dirua sartzen ahal genuela zuzenean kontu korronte batean, baina ez da hala. Epaileek paper batzuk bidali behar dizkigute, eta gero txeke baten bidez ordaindu behar dugu. Gaur edo bihar eginen dugu, baina ez gaude seguru. Autokarabana ere hor dago. Ematen badigute agian horrekin itzuliko gara. Uste genuen ostegunerako dena eginda egonen zela, baina orain ez dakigu.
Dena dela, eskertzen dizuegu zuen harrera eta interesa, baina nahi dugu fokua errefuxiatuengan jartzea, ez gugan.
Zein egoeratan geratu dira zuekin zihoazen zortzi errefuxiatuak?
Libre daude. Bakoitza zegoen tokira itzuli da. Bi pakistandarrak hasieran atxilotu egin zituzten, gu bezala, baina horiek ere dagoeneko askatu dituzte. Haien paperak egin dituzte. Besteak hasieratik utzi zituzten aske.
Harrapatu gintuztenean oso gogorra izan zen. Sufrimendua izan zen. Ez bakarrik guregatik, ezin izan genuelako lortu guk nahi genuena. Oso gogorra izan zen ez eramatea haiek [Euskal Herrira]. Bazen jendea han familia zuena. Ilusio handia zuten. Nazionalitate ezberdinetako jendea da: afganistandarrak, siriarrak, pakistandarrak. Oso bizitza gogorrak izan dituzte. Haien herrialdeetatik ihes egin behar izan dute, arrazoi ezberdinengatik: politikoak, ekonomikoak. Bazegoen transexual afganistandar bat gurekin, oso bizitza gogorra eraman duena, eta alde egin behar izan duena.
Baina haiek eskertuta ikusi ditugu Ibai Arbide kazetariaren bideoetan eta argazkietan.
Haien agurra hain polita izan zen, hain maitasunez betea, hain esker onekoa…. Horrek bakean utzi gintuen. Horrek eta ikusteak City Plaza hotelean zein harrera egin ziguten. Elkartasun handia da. Oso esperientzia indartsua da han dagoen elkartasuna eta gurekiko maitasuna sentitzea.
Hitz egiten ari naiz hemengo [Greziako] elkartasunaz, orain arte ez baikenekien zer gertatzen ari zen kanpoan. Baina osotara hunkiturik gaude ikusita gizarte mugimenduek zein ahalmen eduki duten porrot bati buelta emateko, elkartasunaren bitartez. Hori eskertzekoa da, eta oso polita da, baloratu beharreko gauza eder bat.